EH Bilduk bizikidetza lantzeko saioak antolatu ditu

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 9a

Gatazka politikoak izan dituen eta izaten jarraitzen dituen ondorio guztiak gogoan edukita, Lasarte-Oriako EHBilduk herrian bizikidetzaren bidea modu aktibo eta eraikitzailean landu eta aurrera eramateko helburuz hitzaldi eta lan saio ziklo bat antolatu ditu hilabete honetarako.

Lan saio horiek gaur eta hilaren 17an zein 19an ospatuko dira Villa Mirentxuko aretoan, arratsaldeko 19:00etan hasita.

Errenteriako esperientzia

Gaurko saioan, Errenteriako esperientzia ezagutuko dute Villa Mirentxura hurbiltzen diren herritarrek. Errenteriako alkatea den Julen Mendozak, udalerri horretan egindako lanaren berri eman, konpartitu eta sortu daitezkeen galderak erantzun eta argibideak emango ditu.

Maiatzaren 17ko eta 19ko hitzorduetan, berriz, Lasarte-Oriako EH Bilduko kide eta lagun guztien artean hausnartu eta bizikidetzaren bidea zehazteko aurrera begirako helburuak finkatzeko aukera izango dute.

Lasarte-Oriako EH Bilduk bere lagun eta kide guztiak “biziki” gonbidatu nahi ditu lan saio berezi hauetan parte hartzera.