Arzalluz, Villamediana eta Berasarte, Gipuzkoako selekzioarekin

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 11

'26es Nautiques de Tarbes' lehiaketan hartuko dute parte asteburu honetan Irati Arzalluz, Nahia Jie Villamediana eta Janire Berasarte Buruntzaldea IKTko igerilariek. Gipuzkoako selekzioak deitu ditu hiru igerilariak.

Hainbat proba eta distantziatan egingo dute igeri aipatutako hiru igerilariek. Arzalluzek 50, 100 eta 200 libre probak burutuko ditu. Villamedianak, berriz, 50, 100 eta 200 bizkarrekoak. Berasartek, azkenik, distantzia luzeagoko batzuk jokatuko ditu: 400 eta 800 libreak, hain justu.

Alebinak, ederki Ordizian

Ezin hobeto amaitu zuten liga Buruntzaldea IKTko alebinek pasa den asteburuan, Ordiziako Majori kiroldegian. Marka bikainak erdiesteaz gain, taldeko errekor berriak eta Euskal Herri zein Espainiako txapelketetarako gutxieneko denbora gehiagorekin osatu zuten uzta.

Aipatzekoak dira, besteak beste, Unai G. Somovillak 400 libreetan lortutako garaipena, 5.14,26ko denbora eginda, eta Leire Martinen nagusitasuna proba eta distantzia horretan. 4.52,07an geratu zuen erlojua, eta alebin mailako Espainiako txapelketarako gutxienekoa lortu. 

Borja Apeztegia prestatzailearen hitzetan, ligari "etekin handia" atera diote alebinek: "Aurreko denboraldietan jokatutakoak baino esanguratsuagoak diren probak maila altuan burutu dituzte, eta, etorkizunera begira, lan hobea egin ahal izango dugu gaztetxoekin, euren garapenera begira". Emaitzen aldetik ere hobekuntza eman dela dio Apeztegiak, igerilari gehienek gutxieneko markak lortu dituztelako Euskal Herri mailako txapelketetarako, eta Espainiakoetarako Leire Martinek. "Jokatzeke ditugun txapelketetan gauza gehiago lor ditzaketela uste dugu; beraz, animorik handienak lanean jarraitzeko!", gaineratu du.

Igande honetan Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan hartuko dute parte kategoria horretako neska-mutilek. Tolosako Usabal kiroldegian ariko dira, goizez eta arratsaldez, 10:00etatik eta 16:30etik aurrera, hurrenez hurren.

Benjaminak ere Tolosan

'Igerilari osoa' proba jokatuko dute Buruntzaldea IKTko benjaminek larunbatean, Tolosako Usabalen. 10:00etan hasiko dira goizeko jardunaldiak, eta 16:30ean arratsaldekoak. 50 eta 100 tximeleta probak egingo dituzte goizean eta bular zein libre estiloetako 100 metroak arratsaldean.