Udaberria herriko komertzio eta plazetan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko mai. 9a, 12:00

Deskontuak herriko hainbat komertziotan, tailerrak, haurrentzako puzgarriak, marrazki lehiaketa... Denetarik edukiko du aurtengo Udaberriko Festak. Aterpea merkatarien elkarteak antolatu du, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Denera herriko 37 establezimenduk hartu dute parte. Udaberria iritsi da Lasarte-Oriako denda eta plazetara.

Ostiral honetan ospatuko da III. Udaberriko Festa Lasarte-Orian. Aterpeak antolatu du ekitaldia, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Halaber, 37 establezimenduk hartu dute parte egun berezi horretarako egitaraua prestatzen. Eskerrak eman zizkien horiei guztiei Ramon Ormazabal Aterpeako lehendakariak ostiral eguerdian egindako prentsaurrekoan, eta dei bat egin ere bai: “Ea guztion artean herriari ikusgarritasuna, udaberri-kutsua eta batez ere kolorea ematen dizkiogun”.

Zeregin hori lortze aldera, egitarau anitza prestatu dute antolatzaileek. Denetik dago: haurrentzako puzgarriak, deskontuak komertzioetan, tailerrak, marrazki lehiaketa, batukada kalejira... Osagai guztiak edukiko ditu ostiraleko udaberriko festak.

Puzgarriak bi plazatan

Arratsaldeko seietatik bederatzietara, haurrek ederki pasa ahalko dute Juan XXIII eta Zumaburuko Eliza plazetan egongo diren puzgarriekin. Antolatzaileek jakinarazi dute Loidi Barren pilotalekura eramango liratekeela jolas horiek, euria egingo balu. Bien bitartean, Dinbi Banda batukada taldeak kaleak girotuko ditu, 19:00etatik 20:00etara, batukada kalejirarekin.

915 marrazki dendetan

Herriko bi ikastetxeetako haurren marrazkiz josita egongo dira 37 komertzio ostiralean. Gaztetxoek gogo onez hartu dute parte marrazki lehiaketan. Lasarte-Oriak aurten udalerri gisa 30 urte bete izana izan da gaia. Papera eta margoak erabiliz, haurrek adierazi behar izan dute eurentzat herriko tokirik kuttunena zein den. 

915 marrazki egin dituzte denera Sasoeta-Zumaburu eta Garaikoetxea-Landaberriko ikasleek. Aipatu establezimendu horietan jarriko dituzte ikusgai guztiak, eta gaztetxoek aurkitu beharko dute bakoitzak egindako marrazkia zeinetan dagoen. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, sari txiki bat ere jasoko dute ostiralean bertan.

Herritarrek hainbat tailer ere egin ahalko dituzte: landaregintza, marrazketa eta eskulangintza, besteak beste. 

Era berean, Udaberriko Festan parte hartuko duten 37 establezimenduetan deskontu ugari edukiko dituzte -albisteari atxikitako argazkietan ikus daitezke zeintzuk hartuko duten parte-.

Sozioekonomia zinegotzi Beatriz Juezek ostiralean esan zuenez, “bere esku dagoen guztia” egingo du Udalak, aurtengo Udaberriko Festa “arrakastatsua” izan dadin.