Irabaziz amaitu du denboraldia Lavie ZRT-Beltzak taldeak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 10a

Liga bukatzeko moduak eta moduak daude. Onena, zalantzarik gabe, seniorren Euskal Ligan aritu den Lavie ZRT-Beltzak larunbatean egin zuen antzera amaitzea: ongi jokatuz, eta irabaziz. 29-17 hartu zuen mendean Elorrio, Michelingo zelaian.

Atsedenaldirako, aurretik zen markagailuan Lavie ZRT-Beltzak, 12-7. Bigarren zatian markagailua iraultzera atera zen Elorrio, baina etxeko taldeak ez zion utzi zelaiko erdiko marra zeharkatzen, aulkian zeuzkan jokalari fresko ugariak baliatuz. 

Sei jokalari lasarteoriatar aritu ziren Michelinen larunbatean: Andoni Amonarriz, Julen Aristorena, Xabier Prieto, David Vega, Beñat Arroyo eta Xabier Rekondo.