EH Bilduko Pablo Barriok eta Leire Elizegik Lasarte-Orian orain arte egindako bizikidetza lanketa aurkeztu zuten, Oreretako adibidea eredu duena. Azaldu zutenez, aurreko legealdian hasitako prozesua da eta, hasiera batean, alderdi guztiek bat egin zuten oinarriekin. Gobernu berriarekin ere aurrera egiteko asmoa dute.
Oreretako alkate Julen Mendozak 2012tik gaur arteko ibilbidea azaldu zien bertaratutakoei. "Iniziatiba" hartu izanaren garrantzia azpimarratu zuen. Aldebakartasunaren logikan kokatu zuen; terminoak eta oinarriak finkatzeko orduan, euskal gizarteak "ardatz" izan behar zuela uste du Mendozak.
Udalaren esparrutik bizikidetzan zertan eragin daitekeen hausnartu zuen. Batetik, presoen auzian ekarpenak egin daitezkela uste du Mendozak; bai kartzelan daudenean, baita kanpoan daudenean ere. Bestetik, biktimekin egindako lanketa nabarmendu zuen.
Indarkeriaren biktimei "oinarrizko hiru eskubide" onartu behar zaizkie, Mendozaren ustez: reparazioa, justizia eta egia. Azken honetatik hasi ziren. Ideologia desberdinetako kideak elkartuz, foro soziala antolatu zuten. Ondorio positibo eta negatiboak atera zituzten bertatik.
Azkenik, alderdi guztiak dokumentu bat adostera iritsi ziren aurreko legealdiaren amaieran, nahiz eta ez zuten momentuan aurkeztu. Gertakariak jasotzen dira, hiru multzotan banatuz: indarkeria gertakizunak, ikerketa gehiago behar dutenak eta nazioarteko zuzenbidearen irizpideen arabera indarkeria izan ez arren, sufrimendua eragin dutenak.
Alde guztiak osotasunean ados egon ez arren, oinarrizko akordioa lortu zuten. Bertan jasotakoak "egia" azaltzen du. Ondoren, justizia eta erreparazioa lantzeko ordua dator eta horretan "lanean ari direla" adierazi zuen Mendozak.
Hurrengo astean ikasitakoa eztabaidatuko du Lasarte-Oriako EH Bilduk. Zinegotzi Leire Elizegik aipatu zuenez "giltza" jaso dute, eta orain "atea" ireki edo ez erabaki beharko dute.