Gizartean pil-pilean dauden gaiak landu ziren Udalbatzarrean, baina lehenik aurreko batzarretako aktak onartu ziren.
Jarraian alderdi ezberdinek aurkeztutako mozioak eztabaidatu zituzten mahaian.
Talde sozialistak eskatuta Ekuadorren izandako lurrikaran Euskal Fondora 5.000 euro bideratzea onartu zen.
Era honetara, Euskal Fondoak 'Save the children' erakundearen eskaerari erantzungo dio hein batean eta Ekuadorreko haurrei lagunduko die.
EHBilduk erabaki honen irizpideei buruzko bere zalantzak agertu zituen.
Erraustegiko erreklamazioa
EHBildu bestalde bi mozio aurkeztu zituen.
Batetik EH Bilduk gogora ekarri zuen, erraustegia eraikitzeko pauso bat gehiago eman zela apirilaren 11ean. Ingurugiroko Sailburuordetzat ingurumen baimena eman baitzion Aldundiari.
EHBilduk Lasarte-Oriako Udalari errekurtso horiek aurkezteko eskaera egin zuen batzarrean.
Hilabeteko epea dute erakundeek gorako errekurtsoa jarri ahal izateko eta honen berri komunikabideen izan dutela salatu zuen.
EAJk ingurumen baimena proiektuaren birmoldaketaren ostean eskaini dela aipatu zuen eta erreklamazio hori jartzeko oinarria zein izango zen galdetu zion EHBilduri. Gainera, “zuen diskurtsoa oinarritzen duzuen azterketa estatistikoa besterik ez da” ere azpimarratu zuen bere azalpenetan.
Mozioa hau ez zen aurrera atera PSE-EE, PP eta EAJren aurkako bozkak izan baitzituen.
PSE-EEK udal teknikoen gomendioari jarraiki, aurka bozkatu zutela jakinarazi zuen. “EHBilduren planteamendua egokia ez dela aipatu dute”. Izan ere, 2009 eta 2010ean ere Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan egon baitziren, baina orduan ez zen ezer lortu.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari eskaera bat egingo zaio Lasarte-Oria gai honetan interesdun modura kontuan hartzeko. Hori lortu ostean, errekurtsoa jarriko diote.
DSBL
EHBilduk Diru-sarrera Bermatzeko Laguntzak ez kentzeko proposamena ere jarri zuen mahai gainean, baita hauek desagertuz gero Udalean laguntza lerro bat sortzea ere.
Bestalde, alderdi abertzaleak Aldundiak erabilitako azalpenean “hizkera xenofoboa” erabiltzen dela salatu zuten.
EAJk ez dela murrizketa azaldu zuen, birmoldaketa baizik. “Laguntza horrek ez ditu helburuak betetzen. Erabakia azterketa bat egin eta alkate eta hainbat erakunderekin bildu ostean hartu da. Horren ordez, Elkar Ekin plana jarriko da martxan. Hau garatzen ari dira.” Honetaz gain, hizkerari buruz, “errealitatea da laguntza horrek dei efektua egin duela eta etorkin asko etorri direla, ez da hizkera xenofoboa”.
PSE-EEk Euskadiko lurralde guztietan egon beharko lukeen laguntza dela eta “laguntza hori subjektiboa eta aurrekontuetan oinarritua ez dagoena izan behar dela” babestu zuen.
Hau ez zenez onartu, PSE-EEK ordezko mozioa aurkeztu zuen eta EHBilduren aurkako bozka izan ezik, beste guztien onespena izan zuen.
Honetan, besteak beste, Eusko Jaurlaritzari Diru-sarrera Bermatzeko Laguntzen azterketaren ondorioak azaldu eta erakunde eta herritarren onespena bilatzea eskatzen dute, baita Foru Aldundiari Elkar Ekin lehenbailehen martxan jartzekoa ere. Bide batez, Lasarte-Oriako udalak egoera larrian dauden pertsonei laguntzeko konpromisoa hartzen du.
Aparkalekuen arazoa
Azkenik herritarren aparkaleku beharra landu zen. Honetan EHBildu eta PSE-EEren arteko transakzio-mozioa onartu zen aho batez.
Era honetara, aurreko legealdia egindako azterketa aintzat hartu, teknikoki aztertu, herritarrei haien proposamenak egiteko eskatu eta ostean, plan berezi bat egingo da arazoari irtenbidea bilatzeko.
Kirol eskaintza "handitu"
EAJk herriko kirol eskaintza areagotzeko asmoz Udala eta herriko gimnasio eta hipikarekin hitzarmen bat egitea proposatu zuen eta aurrera atera zen EAJ, PP eta PSE-EEren aldeko bozkekin. EHBilduk aurka egin zuen eta Lasarte-Oria Ahal du abstenitu egin zen.
Era honetara, udal instalazioetako bazkideek jarduerak egin ahalko lituzkete tarifa murriztuekin, kirol eskaintzan duplizitateak saihestuko lirateke eta instalazioak berritzeko inbertsioak murriztu. Herriko kirol taldeek ere erabili ahalko lituzkete.
Gainera, proposamen hau Buruntzaldea bailarara zabaltzeko aukera baloratzeko ere eskatu zuten.
Somoto
Bestalde, Lasarte-Oria Ahal du hautesle taldeak Somotora justifikatu gabe bidali den diru kopuru bat erreklamatzeko eskatu zion Udalari, baina ez zen onartua izan.
PSE-EEren ordezko mozio bai, ordea. Honen bitartez, Somotora justifikaziorik gabe bidali eta preskribatu gabe dauden laguntzak bueltatzeko eskaera egingo da.
Atsobakar erresidentzia
Gai hauen guztien ostean, galderak eta erreguak egiteko aukera ere izan zuten alderdiek.
Elizatze plazako ur arazoak, Atsobakar erresidentziako negoziazioak eta Aterpeak antolatzen duen Udaberriko festaren eskuorrian erabili diren hizkuntza irizpideak izan ziren gaiak.
Elizatze plazak Beheko kaleko garajeetan sortzen dituen hezetasun arazoen irtenbidea bilatzen ari direla aipatu zuen alkateak.
Atsobakarreko erresidentziari dagokionez, alkateak Foru Aldundiak erresidentzia bere egingo duela eta gainera, honetan plazak handitzeko lanak egingo direla jakitera eman zuen. “Lizitazioa berez, ekainean egin behar zen beste erresidentziekin batera, baina azken aldaketa hau dela eta ez da horrela izango”. Gainera, lan berrien plana diseinatzen ari direla jakitera eman zuen.
Eskuorriari dagokionez, alkateak ere erreklamazio bera egin duela jakitera eman du, ez baita guztia ele bietan idatzi.
Azkenik, herritarren txanda izan zen eta Udalak eta Foru Aldundiak Atsobakar erresidentziari buruz adostutakoak sortu zuen jakin min handien.