Laster dugu gainean ez hauteskunde kanpaina bat baizik eta pare bat, bata ekainean eta bestea udara ostean. Laster beraz berriz ere lider ezberdinen eta alderdi ezberdinen antzezpen eta itxurakeria. Beti eman dit atentzioa nola hainbeste zaintzen dituzten euren inguruko iritzia itxura bat ematearen eskutik eta nola heltzen dioten ideia sorta bati malgutasunik gabe. Inoiz pentsatu izan dut egunen batean politikagintzan sartuko banintz ez nukeela nire ekintza politikoa defendatuko gezurrak erabiliz. Egia esango nuke nahiz horrek suposatu onartzea gauzak ez ditudala ongi egin. Horregatik, ez nuke balioko jarduera horretarako. Itxurakeria handiegia. Beste arlo batzuetan ere izaten dena: gaur ospakizun bat dugu eta batzuk ez dakite nola jantzita joan bertara. Itxura kontuek ze lan ematen dizkiguten. Edo ze nortasun ahula dugun! Zergatik ez gara gure egiarekin jazten? Zergatik ez nork nahi duen bezala? Ez goazela bat besteekin? Bada euskal esaera bat asko gustatzen zaidana: alla kuidados!