Hipodromoko aparkalekuan egin zuten agerraldia EH Bilduko Pablo Barriok eta Kristina Bernalek. Diotenez, "lasarteoriatarrek herrian kotxea uzteko tokia aurkitzen ez dutenean hara jotzen dute".
Aurreko legealdian aparkaleku faltaren arazoari aurre egiteko ikerketa egin zela azaldu zuten, herritarren iritziak bilduz. Batzordean "erantzun zehatzik" jaso ez dutenez, mozioa aurkeztuko dute biharko Udalbatzarrean, azterketa horri "etekina" ateratzeko eskatuz.
Erraustegia egin ahal izateko ingurumen baimena
Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordeak Zubietako erraustegia egitea posible izateko ingurumen baimena eman zion Aldundiari apirilaren 11ean. EH Bilduk nabarmendu du hilabeteko epea dutela orain erakundeek gorako errekurtsoa jarri ahal izateko.
Lasarte-Oriako Udalak "historikoki erraustegiaren kontra azaldu duen jarrera" dela eta, errekurtso horiek aurkezteko eskatuko du EH Bilduk.
Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntzak
Uztailetik aurrera Diru-sarera Bermatzeko Laguntzak kenduko direla jakinarazi dio ofizialki Aldundiak Lasarte-Oriako Udalari. Erabilitako argumentazio "xenofoboa" salatu dute, "erakartze efektua" eta antzeko terminologia erabili dela argudiatuz.
DBLak ez kentzeko eskatzeko proposamena luzatuko dute Udalbatzarrean. Egingo balitz, Lasarte-Orian laguntza lerro bat sortzea eskatuko dute. Halaber, "hizkera xenofoborik" ez erabiltzeko galdegingo dute.