Zabaleta auzoko lagunek aurreratu dutenez, ekainaren 3tik 5era egongo da sorgina haien artean. Hori dela eta, aste osoa iraungo dituzten jaiak, hau da, maiatzaren 30etik ekainaren 5era arteko egitaraua prestatzen hasi dira.
Jai batzordeak ostegunean egin zuten lehen bilera eta jaiak hasi arte ostegunero bilduko dira Antonio Blas plazan egitaraua fintzeko.
Hala ere, laguntza behar dute eta auzotarrak gonbidatu nahi dituzte bilera hauetan parte hartzera.
Txozna
Era berean, jaietan janari eta freskagarriak banatzen dituzten txozna prestatzeko ere lagunak behar dituztela jakitera eman dute.
Txoznaren muntaketa eguna maiatzaren 13an, ostiralean izango da eta esku pare bat baino gehiago ongi etorriak izango direla adierazi dute.
Bazkari txartelak
Bestalde, ekainaren 5ean igandean antolatuko den herri bazkariko tiketak salgai daudela adierazi dute.
Helduek 15 euro eta haurrek 8 euro ordaindu behar dituzte menu gozoa dastatu ahal izateko.
Txartelak ekainaren 3a arte eskuragarri izango dira auzoko dendan.