Energia aurreztearen balioa

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 11

Energia era jasangarrian kontsumitzea ez da utopia. Aholkuak eta alternatibak eskaintze bidean, Lasarte-Oriako Udalak ‘Energiaren Kontsumo Jasangarriaren Astea’ antolatu du, Usurbilgo Lanbide Eskolarekin batera. Ikasteko aukera paregabea izango da astelehenetik larunbatera.

Usurbilgo Lanbide Eskolak Lasarte-Oriako Udalarekin batera Energiaren Kontsumo Jasangarriaren astea antolatu du datorren astelehenetik aurrera. 

Jardunaldi “garrantzitsu eta interesgarriak” dira antolatzaileen ustez, “gaiak berak duen interesagatik batetik, eta herritarrengan duen eraginarengatik bestetik”.

Esaterako, lasarteoriatar askok faktura elektroari buruzko salaketa eta kezka ugari izan dituztela azpimarratu du alkate Jesus Zaballosek. 

Eraikinak hizpide

Asteleheneko 17:00etan Manuel Lekuona kultur etxean “eraikinietako fatxaden isolatze eta birgaitzea” izeneko hitzaldia entzun ahal izango da. Halaber, Usurbilgo Lanbide eskolako zuzendariorde Oier Aranzabalek Enegur eraikin berria aurkeztuko du. Egurrez egindakoa da, eraginkortasun energetikoari garrantzia handia ematen dioten irizpideekin.

Landaberriko DBH 4ko ikasleek ere Energiaren Kontsumo Jasangarriaren Astean parte hartuko dute; asteartean Usurbilgo Lanbide Eskola bisitatuko baitute. Energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren inguruko informazioa jaso eta orain arte garatutako proiektuak aztertuko dituzte.

Larunbatean Antonio Mercero aretoan erakusgai jarriko dituzte ikasleek bertan ateratako argazkiak.

Gure etxean nola jokatu?

Faktura elektrikoei buruzko hitzaldia emango du Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatibako kide Alex Lopezek. Gipuzkoako beste herri batzuetan ere eman dituzte antzekoak, eta helburua da hilero jasotzen ditugun eskutitz horiek hobeto ulertu ahal izatea.

Bestalde Udaleko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoan (KIUB) eskaintzen diren informazio zerbitzuak azalduko dituzte teknikariek.

Gaur egun Lasarte-Oriako Udaletxeko bulegoetan eskura daitezkeen informazio eta aholku zerbitzuak ezagutera eman nahi dituzte ekintza honekin. 

Bestalde, asteazkenean, elektrizitatea eta berogailua modu eraginkor batean erabiltzeko aholkuak emango dituzte Luis Mari Carballok eta Gorka Apaolazak. 

Enegur

Eraiki berri duten kontsumo baxuko modulu berriztagarria aurkeztuko dute Usurbilgo Lanbide Eskolako kideek ostegunean.

Goizeko 09:30ean hasiko da ekitaldia. Patxi Vaquerizo eskolako zuzendariak hartuko ditu hitza lehenik. Lanbide heziketako sailburuorde Jorge Arevalok eta Eskolako Eraginkortasun Energetikoko Saileko Arduradun Oihana Dorronsorok ere euren Enegur moduloari buruzko iritzia emango dute.

Ingurugiroari lotutako elkarte askotako ordezkariek ere proiektuak ekarriko dituen berrikuntzei buruz arituko dira.

Energiaren feria

Larunbatean ospatuko dute egun handia. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Usurbilgo Lanbide Eskolak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatutako ‘Energiaren feria’ prestatuko dute Okendo plazan.

Eskolan garatutako zenbait proiektu erakutsiko dituzte Okendo plazan. Halaber, Antonio Mercero erakusketa gelan asteartean jasotako Landaberriko ikasleen argazkiak erakusgai jarriko dituzte.

Eragileen arteko elkarlana

Antolatzaileek bat egin dute euren arteko harremana eta elkarlana “egokia” izan dela aitortzean.

Lasarte-Oriako eta Gipuzkoako etxebizitza askok hobekuntza ugari egin ahal dituzte energiaren kontsumo jasangarriaren arloan, eta espero dute jardunaldi hauek baliogarriak izatea.