Errigorako kontserbak eskatzeko epea zabalik

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 12a

Nafarroa hegoaldean ekoiztutako kontserbak eskatu ahal izango dira maiatzaren 24a bitartean. AEKren eta Ttakun Kultur Elkartearen lokaletan bete daiteke eskaera orria.

Nafarroa hegoaldean ekoiztutako kontserbak eskatu ahal izango dira Errigorak ikasurte honetan egingo duen azkeneko kanpainan.

Errigoraren hitzetan, “kalitate bikaineko” zazpi lote jarri dituzte eskuragai, euskaraz etiketatuak eta ekoizleak ezarritako jatorrizko prezioan.

Oraingoan, barazki-menestra, zainzuriak, barazki-krema, orburuak, potxak, tomate frijitua eta pikilo piperrak eska daitezke maiatzaren 24a bitartean.

Eskaerak, ohi bezala, AEKren eta Ttakun Kultur Elkartearen guneetan egin daitezke, baita Errigoraren webgunean ere.

Erosleek ekainaren 8an –16:00tatik 19:00etara– eta 9an –10:00etatik 13:00etara eta 16:00tatik 19:00etara– jaso ahal izango dituzte eskatutako loteak Errigoraren gunean –Goikale, 8–.

Errigorako lagunek nabarmendu dute olioaren kanpaina “arrakastatsua” izan zela. Izan ere, 5.000 familia inguruk eskuratu zuten urte osorako olioa.

Ekoizleen baturak dakartzan “onurak” goraipatu dituzte. Horrekin lotuta, datozen hilabeteetan konpromiso berriak hartuko dituzte ekoizleek. Horietako bat, webgune guztiak euskaratzea. Izan ere, euskara sustatzea da ekimenaren helburuetako bat.

Prezioak

Hauek dira eskuragai dauden kontserben neurriak eta prezioak:

  • Zainzuriak (Iturri eta El Escolar): 425ml-ko ontziak, 8-12 ale bakoitzean. 12 ontzi 41 eurotan.
  • Potxak (Maria Jesus eta La Churta): 720ml-ko ontziak. 12 ontzi (6 ekologiko eta 6 konbentzional) 25 eurotan.
  • Orburuak (Maria Jesus eta Ebron): 720ml-ko ontziak. 12 ontzi 44 eurotan.
  • Barazki menestra (Maria Jesus eta Almaneque): 720ml-ko ontziak. 12 ontzi 39 eurotan.
  • Pikillo piperrak (Iturri eta El Escolar): 425ml-ko ontziak. 12 ontzi 32 eurotan.
  • Kremak (Pedro Luis): 500ml-ko ontziak. 12 ontzi (3x barazki-krema, 3x kalabaza, 3x brokoli eta 3x porru-krema) 24 eurotan.
  • Tomate frijitua (Pedro Luis): 370ml-ko ontziak. 12 ontzi 15 eurotan.