Kadete mailan Julen Urruzola eta Alex Etxeberria ariko dira; jubenil mailan Jagoba Mendizabal eta Eneko Sarasola eta seniorretan Jon Pello Artetxe eta Mikel Elola. Ordezkoen aulkian Aritz Solano egongo da. “Seniorretan haiek baino hobeak garela uste dut; kadete eta junior mailatan, ikusi beharko dugu”, adierazi du Intza KEko prestatzaile Jose Felix Solanok. Irabaziz gero, Azpeitiarekin –joan den urteko irabazlearekin– neurtuko lituzkete indarrak herriko pilotariek.
Aurtengo edizioan 25 taldek hartuko dute parte eskuko modalitatean, zortzik palakoan eta hiruk zesta-puntakoan. Lasarte-Oriak 32. aldiz hartuko du parte herriartekoan -1993. urtekotik ez du bakar batean ere hutsik egin-. 2002an erdietsi zuen herriak orain arteko emaitza onena: azpitxapelduna izan zen. Hernanik irabazi zuen edizio hori. Duela bi urte finalerdietaraino iritsi zen; Donostiaren kontra galdu zuen, tanto-aldeagatik. Pasa den urtean ezin izan zuen balentria errepikatu; final zortzirenetan galdu zuen Zizurkilen kontra.
Arteaga II.a, berriro Michelinen
Pilotazaleek beste hitzordu garrantzitsu bat edukiko dute larunbatean Michelinen. Izan ere, Arteaga II.ak Promozioko eskuz banakakoko finalerdiak jokatuko ditu, Gorkaren aurka. Jaialdia arratsaldeko seietan hasiko da. Sarrerak salgai daude dagoeneko, 20 euroan, Gure Etxea eta Ainhoa tabernetan.
Jaialdiko bigarren norgehiagoka izango da aipatutakoa. Lehenengoan, Elezkano II.a eta Untoriak Victor eta Ibai Zabalarekin neurtuko dituzte indarrak.