2007an eta 2008an jaiotako neska-mutilek (A kategoriakoak) 100 metroko proba burutu zuten, lau estilo desberdinetan. 2005eko neska-mutilek eta 2004ko mutilek, aldiz, honakoak jokatu zituzten: 50 zein 100 metro tximeleta estiloan eta 200 metroak lau estilotan.
Errelebu probetan ere aritu ziren aipatu bi kategorietako igerilariak. Gazteenek 6x25eko errelebu mistoa burutu zuten, lau estiloetan; zaharrenek, 4x50ekoa, bular estiloan.
"Etengabeko hobekuntza"
Ordiziako Majori kiroldegian jokatutakoa KZL liga eta Test probetako bosgarren eta azken jardunaldia izan zen. Honela baloratzen du gaztetxoen garapena Borja Apeztegia prestatzaileak: "Lan bikaina egin dute gure gazteek liga eta jardunaldietan zehar, denboraldi osoan zehar aurrerapausoak emanez eta etengabeko hobekuntza erakutsiz. Zorionak denei, egindako lanagatik".
Gure herrian bertan itzuliko dira lehiaketara gaztetxoak, Lasarte-Oriako XXVII. sarian, hain justu. Askorentzat euren etxean lehiatzeko aukera izango da ordukoa. Zitarako geratzen diren asteak lanean jarraitzeko baliatuko dituzte, Buruntzaldea IKTren egun handian euren onena emateko.
Joel Lopez ederki Santurtzin
Buruntzaldea IKTko kide Joel Lopezek III. Mikel Trueba sarian hartu zuen parte pasa den larunbatean, eta emaitza oso txukunak erdietsi zituen. 400 eta 100 metro libre probatan egin zuen igerian, ederki egin ere.
400 metrokoan marka pertsonal berria eta 30-34 urte arteko taldeko errekor berria ezarri zituen, 5.15.18ko denbora eginez. 100 metroetakoan ere gauza bera egin zuen, 1.05.12ko marka ezarriz.