"Zubietan egitekoak diren errauste plantak gure osasunean, eta bereziki gure umeengan, izango duen eraginengatik kezkatutako guraso talde bat gara". Horrela hasten du GuraSOS taldeak larunbat honetara begira prestatu duen deialdia.
Gure herriko kultur etxean aurkeztuko dute egitasmoa, eguerdiko hamabietan. Balizko errauste planta horren inguruan bizi diren hainbat aita-amek sortu dute plataforma.
Bi lan-ildo
Euren seme-alaben "osasuna babestea" du helburu GuraSOSek, "interes politiko eta ekonomikoen gainetik". Horretarako, bi lan-ildo dituztela jakinarazi dute. Batetik, adituen informazioa jasotzea eta gainontzeko gurasoekin partekatzea, eta, bestetik, Zubietako errauste plantaren egitasmoari "ez" esatea, "prebentzio printzipioan" oinarrituta: "Osasuna ez dago bermatua", adierazi dute.
Larunbateko aurkezpen ekitaldian egitasmoaren nondik-norakoak emango dituzte kideek.