Ohorezko Jubenilak egurrean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 4a

Ez die astirik emango sailkapeneko lehenengo taldeak harrapatzeko, baina gertu ibiliko dira. Sekulako denboraldi amaiera egiten ari da Ohorezko jubenil mailako taldea. 49 puntu dituzte Javi Solchaga eta Ibai Etxaidek entrenatutako jokalariek, liga bukatzeko bi jardunaldi falta direnean.

Kostkas hartu zuten mendean pasa den asteburuan, 1-2 -Pablo Ramak eta Beñat Negredok sartu zituzten golak-. Garaipen horrekin, 49 puntu bildu dituzte jada, eta bosgarren postuan dira sailkapenean; bi jardunaldi falta zaizkie liga bukatzeko. Asteburu honetan Dunboa Eguzkirekin neurtuko dituzte indarrak, Michelinen, 12:30etik aurrera.

1go mailako jubenilek, berriz, galdu egin zuten Tolosaren kontra, 0-1. Igoera fasera sailkatu zen Ivan Manzanok zuzendutako taldea, eta txukun ari da. Seigarren postuan dira, 24 punturekin. Taldekide gehienak lehenengo urtekoak izaki, primeran etorriko zaie aurten ikasitakoa etorkizunerako.

Seigarren postuan ez, laugarrenean dago emakumezkoen erregional taldea. Sailkatzearekin soilik nahikoa ez, eta igoera fase bikaina burutzen ari dira urdin-beltzak: hamasei partidutik bederatzi irabazi dituzte, eta 28 puntu bildu. Azkeneko hiruak Mutrikuren kontra lortu zituen, Michelinen, 3-0 irabazita. Asteburu honetan ere -larunbatean, zehazki- herriko zelaian ariko dira Julen Ormazabal eta Iker Artetxek zuzendutako jokalariak, Alerruren kontra, 15:45ean.

Denboraldia, luzeegia

Ohorezko Erregional taldeari luze egiten ari zaio aurtengo denboraldia. Bikain hasi zuen, lehenengo itzulia amaitzean hirugarren izatera ere iritsi zen, baina bigarrenean, lesioak, lan-konpromisoak eta emaitza txarrak tarteko, indarra galdu eta sailkapenean atzera egiten joan da, pixkanaka. Gaur-gaurkoz hamargarren tokian dira Mikel Medina eta Gabi Sanchezenak, 44 punturekin. Helburua gutxienez 50era iristea da, jokatzeke hiru jardunaldi falta direnean. Larunbatean Elgoibarri egingo diote bisita, 17:00etan.

Taldeak hiru porrot daramatza segidan. Azkena, Aloña Mendiren kontrakoa: 0-2 galdu zuten. Gehiago merezi izan zuten urdin-beltzek, baina zortea ez zuten aldeko izan eta goiko postuetara hurbiltzeko beste aukera bat galdu zuten.

Konpetizio bera, ibilbide desberdinak

Kopan murgilduta dabiltza Erregional 1go mailako bi taldeak, Texas Lasartearra eta Ostadar SKT. Multzo berean ari dira konpetitzen biak, baina desberdinak dira ibilbideak. Azkeneko jardunaldian ere desberdinak izan ziren emaitzak bientzat: 0-3 galdu zuen Texasek Iluari FKren aurka, eta 1-2 irabazi Ostadarrek Iluari FK 'B' taldearen kontra.

Texasek indartsu ekin zion txapelketari, goiko postuetan, eta Ostadarren kontrako lehenengo itzuliko derbia ere irabazi zuen, 4-3. Jardunaldiak jokatu ahala, ordea, ezin izan dute erritmoa mantendu, eta sailkapenaren beheko partean dira, 10 punturekin. Atseden hartuko dute jardunaldi honetan.

Ostadar alderantzizko bidea ari da egiten. Pixka bat kosta zitzaion Kopari puntua hartzea, baina behin egokituta, txapelketa txukuna ari dira burutzen Ander Rekondorenak. Uneotan hirugarren dira sailkapenean, 29 punturekin. Goiko postuetan jarraitzeko aukera bikaina edukiko dute igandean, 11:30ean, Axularri irabaziz gero. 

Kadeteak, estuasunik gabe

Ohorezko mailako kadeteei bi jardunaldi geratzen zaizkie aurtengo denboraldia amaitzeko. Sasoi irregularra egin dute, maila eta kalitate handiko partiduak burutu dituzte, baina beste batzuetan ez dira ibili hain fin. Belaunaldi aldaketa eman da aurten taldean, baina ez du arazorik izango kategoria mantentzeko, pasa den jardunaldian Dunboa Eguzkiren kontra 0-1 galdu arren.

1go mailako kadeteak 'oporretan' daude dagoeneko. Pasa den asteburuan amaitu zen Kopa txapelketa haientzat, ez baitira sailkatu kanporaketak jokatzeko. Berdinketa batekin itxi dute denboraldia: 3-3 Urnietaren kontra.

Infantilak 'txapeldunekin' lehian

Aipatzekoa da baita ere Ohorezko infantil taldearen urtea. Maila ederra erakutsi dute, eta txapeldunen fasera sailkatu. Multzo horretan ere ongi ari dira, naiz eta emaitzek gehiegi ez lagundu. Futbolari gisa esperientzia bikaina ari dira bizitzen gaztetxoak.