Astelehenean, Sasoeta pasealekutik kotxez igaro edo aparkatu nahi izan zuten herritarrek ezusteko ederra eraman zuten. Kalea itxirik zegoen, izan ere, asfaltatze lanak hasi baitziren.
Aste osoan zehar, bertan izan dira langileak zoladura fresatu eta nahasketa bituminoso berozko geruza berria zabaltzen.
Aparkalekuen momentuzko murrizketa egongo zela aurreikusirik, Andatza plazan aparketzeko baimena eman zuen eta erabilgarri izan da herritar askorentzat.
Eremua berria
Eguraldi ona lagun eta lan hauen martxa azkar joan dela ikusirik, Lasarte-Oriako Udalak bihartik aurrera Pablo Mutiozabal, Iñigo de Loiola, Juan de Garay eta Pintore kaleen asfaltatze lanak hasiko direla jakitera eman du.
Bihar, Pablo Mutiozabal eta Juan de Garay kaleetako galtzadako zorua berritzen hasiko direla aurreikusten da.
Asteartean Pintore kalean hasiko dira lanak eta hilaren 12an, ostegunarekin, Iñigo de Loiolatik jarraituko dute.
Hala ere, Udalak ohartarazten du, eguraldiaren arabera aldaketaren bat gerta daitekeela.
Seinaleak
Eremu honetan ere eragin saihestezinak izango ditu trafikoan eta ezingo dira aparkalekuak erabili. Horregatik, behin-behineko seinaleen bidez, noiznahi jakingo da zein errei ezin duten erabili ibilgailuek zirkulatzeko eta zeintzuk diren moztutako sarbideak.
Era berdinean, zein eremutan ezin den aparkatu ere adieraziko da.
Kale hauen asfaltatzeak dirauen bitartean, Sasoetako pasealekuaren antzera, Andatza plaza ordezko aparkaleku modura erabili daiteke.
Bidearen asfaltatzea amaitzen doan neurrian, hurrengo eraginak jakinaraziko dira.
Lasarte-Oriako Udalak lan hauen eraginez sortu daitezkeen eragozpenengatik barkamena eskatzen du.