Landaberri urrezko ezteiak ospatzen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko irailaren 23a

Landaberri ikastolako kideak urteurreneko ospakizunetan murgildu dira. Ibilaldia, erakusketa, PechaKutxa aurkezpenak eta hitzaldia izan dira astean zehar. Bertso saio berezia, haurrentzako ekintzak, rock jaialdia... asteburu ederra daukate aurretik.

Astelehenean Landaberri ikastolako kideak mende erdia ospatzen hasi ziren. Lehenik ikastoletan muralak ezarri zituzten. Arratsaldean, berriz, ikastolako ikasgela ezberdinetako kokalekuak bisitatu zituzten ikasle eta gurasoekin. Bidean euskal doinuak abestu zituzten trikiti eta panderoen laguntzaz. 

Ostean, 'Landaberri, oroimenaren basoa' erakusketa ireki zen, Antonio Mercero aretoan. 

Udal ordezkariak izan ziren lehenak erakusketari bisita egiten. Haur, heldu zein aiton-amonak ere hurbildu ziren lehen egun honetan.

50 urte hauetako argazkiak eta eskulanak biltzen dira erakusketa berezian.

Asteartean, ikastolako txikiek Porrotxen bisita izan zuten. Ederki gozatu zuten abesti eta dantzekin.

Ikasle ohien esperientziak

Asteazkenean, Abend Kafe Antzokira hurbildu ziren herritarrek PechaKutxa sistemaren bidez, 20 irudi bakoitza 20 segundutan, sei ikasle ohiren bizi esperientzia eta profesionala ezagutu zuten.

Isabel Agirresarobe antzezleak, Eztiphotoko Ander Gartziandia eta Aitzol Etxegoien argazkilariek, Nora Izagirre moda disenatzaileak eta Gotzon Huegun eskultoreak aurkezpena eskaini zuten zuzenean. Unai Diego Txinako ORBEA enpresako komertziala ere izan zen ekitaldian bideo baten bidez. Ikusleek galderak egiteko aukera izan zuten. 

Atzo, berriz, Kike Amonarrizen solasaldia izan zen Villa Mirentxun. 

‘Lasarte-Oriako gurasoak: Biba zuek!’ izenpean, gaur egun euskarak duen osasunari buruz mintzatu zen eta Lasarte-Oriako hainbat datu eskaini zituen.

Okendora atera

'Bertso berriak Landaberrin ibilitakoek jarriak' emanaldia dugu gaur, 22:00etan, Manuel Lekuonan. 

Txikitako esperientziak azaleratuko ditu Landaberriko ikasle ohi talde batek. Musika eta antzerkia ere izango dira.

Larunbata eta igandean kalera aterako dira ospakizunak.

Bihar, Andre Joakina Enean hasita, Usurbil eta Lasarte-Orian zehar ikastolako eraikinak eta historia errepasatzeko ibilbidea egingo da.

Okendo plazan aldiz, goizean, haur jolasak, puzgarriak eta Xumelarekin Kantu Jira berezia izango dira; arratsaldean, Eriz magoaren magia ikuskizunaz gozatu ahalko da.

Bertan, rock kontzertua izango da gaueko 22:00etatik aurrera.

Belaunaldien arteko Euskal Olinpiadak izango dira igande goizean Michelingo Kirol gunean. Joko ezberdinetan parte hartuko dute taldeek. Ostean, pintxo potea izango da Kirol Gunetik Okendora txarangak lagunduta.

Bazkariko txartelak

Bestalde, aurreko zenbakiko huts egitea zuzenduz, urriaren 1ean, Michelingo Kirol gunean bazkaria egingo da. Txartelak eskuragarri daude Landaberri ikastolako eraikinetan. Helduen menuak 25 euro balio ditu; haurrenak, berriz, 13 euro. Salgai egongo dira osteguna 29ra arte.