Bizikletaren erabilera sustatuz

Txintxarri Aldizkaria 2016ko irailaren 23a

Mugikortasun jasangarriaren Europako astea dugu honakoa. Hainbat ekintza izan dira astean zehar, gaur Okendo plaza izango da protagonista. Haurrek jolasak eta bizikleta martxak izango dituzte; bigarren eskuko bizikleta azoka ere izango da bertan.

Europa mailan antolatzen den Mugikortasun astea martxan da Lasarte-Orian. Asteartean hasi eta gaur amaituko da Lasarte-Oriako Udalak Aztikerrekin elkarlanean antolatutako egitaraua.

Aurten bizikletaren erabilera sustatu nahi izan dute. Horregatik, astearte eta asteazkenean, Lasarte-Oriako DBHko ikasleek bizikletaren erabilerari buruzko ikastaroak jaso zituzten.

Aztikerreko teknikariaren azalpenak eta gomendioak adi entzun zituzten gazteek eta haien galderak egiteko tartea ere izan zuten.

Atzo, 'Nire autorik gabeko eguna' ospatu zen Lasarte-Orian eta Muittu Manttagorriren zerbitzua doakoa izan zen.

Haurrentzat ekintzak

Gaur, azkenik, hiru ekintza ezberdin izango dira.

Kale Nagusian 'Kalea Jolaserako' ekimena izango da 16:30etik 19:30era. Haur eta gaztetxoek bizikleta jolasez, segway zirkuituaz eta herri kiroletaz gozatuko dute. Honetarako Kale Nagusia itxiko da.

Bestalde, Okendo plazatik aterata bi bizikleta martxa egingo dira herriko bidegorri sare eta hainbat bideetatik zehar.

6-11 urte bitarteko gaztetxoek bide motza egingo dute, 16:30ean. Erdialdea eta Atsobakar inguruko bideetatik barrena izango da.

Ordu erdi beranduago, berriz, 12 urte baino gehiagoko gaztetxoen txanda izango da. Hauek bide luzeagoa egingo dute, Lasarte-Donosti bidegorria edo Plazaolako trenbidetik. Ibilaldia amaitzean oroigarri bat jasoko dute.

Azkenik, bigarren eskuko bizikleta azoka izango da, 16:30etik 19:30era, Okendo plazan. 

Herritarrek bizikletak eta honekin zer ikusia duten objektuak saldu eta erosi ditzakete. Hauek azoka ireki baino ordu t'erdi lehenago utzi beharko dira plazan.