Lasarte-Oriako EH Bilduk hauteskunde kanpainako ekitaldia egin zuen asteartean Okendo plazan. Hainbat izan ziren ekintzara hurbildu ziren herritarrak.
Larraitz Ugarte eta Ander Rodriguez izan ziren hizlariak. Gizarte Zerbitzuen arloan eta Garraio azpiegiturak izan zituzten hizpide agerraldian.
Honetaz gain, plazan zeuden umeek murala margotu zuten lurrean eta horretan 'Egin Herri' irakur zitekeen.
Hitzaldien ostean, pintxoak dastatu eta argazki masiboa atera zuten.
Bestalde, asteazken eguerdian, Michelin enpresako atarian Xabier Olano batzarkidea eta Rebeka Ubeda legebiltzarkidea eta EAEko hauteskundetarako zerrendakidea, izan ziren arlo ekonomikoari buruz solasean.
Azoka
Era berean, alderdi ezberdinek asteazken goizean azokan egin zuten bat.
Elkarrekin Podemos, PSE-EE, EAJ eta EH Bilduko kideak ikusi ahal izan genituen haien egitarauak, egunkariak, larrosak, puxikak edo gozokiak banatzen azokan zehar. Herritarrekin ere mintzatu ziren eta haien kezkak jaso zituzten.
Mahai aldaketa
Bestalde gogoratu, Zumaburu-Sasoeta ikastetxeko Zumaburuko eraikinaren segurtasun arazoak direla medio, itxita dagoela.
Hori dela eta, kokaleku honetan egon ohi diren bi hauteskunde-mahaiak, 7. eta 8. ataleko mahaiak, Biyak Bat Elkartera lekualdatu dira.
Ondorioz, mahaikide eta herritarrak erretiratuen elkartera hurbildu beharko dira igandean mahaian egon edo botoa emateko.
Erribera kalea 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10 eta 11 zenbakietan; Zumaburu kalea 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10, 11, 12, 14 eta 16 zenbakietan; Andapa kalea 1 zenbakian; Ganbo kalea 1 zenbakian; Kale Nagusia 32, 34, 36, 38, 42, 44, 46, 60 eta 70 zenbakietan eta Ola kalea 1, 2, 4, 6, 8, 10, 12 eta 14 zenbakietan erroldatuak dauden herritarrei eragiten die aldaketa honek. Beraz, argi ibili.