Euskal Herriko herri eta hiri ezberdinetan gauzatzen da egitasmo hau Euskaltzaleen Topaguneak gidatuta.
Herrian Ttakun kultur elkartea arduratzen da hau aurrera eramateaz eta urtetik urtera gero eta gehiago dira izena ematen duten herritarrak. Aurtengo leloa 'Konturatzerako euskaraz' da.
Funtsean euskaldun berriak eta zaharrak elkartu eta solasaldirako tartea eskaintzen duen ekintza da solaskide. Euskaldun berriei euskaltegietatik kanpo euskaraz aritzeko aukera ematen die.
Naiara Mujika da arduraduna eta honek azaltzen duenez, “ikasturte berria ate joka dugu, udarako ajeak alde batera utzi eta ohiko zereginetara bueltatzea tokatzen zaigu. Baina egunerokotasun honetan ere, badira tarte atsegin bat pasaz, disfrutatuz eta mingaina astinduz ondo pasatzera eramaten gaituzten egitekoak ere, kasu honetan, Solaskide programa berriro ere martxan dugu”.
“Urteetan egitasmoan parte hartu duten kide batzuk badaude baina era berean, badira ere gogoekin izango diren lagunak eta lehenengo aldiz esperientzia aberasgarri honetan parte hartuko dutenak. Beraz, bai urteetako solaslagunei eta baita berriak zareten horiei ere, izena eman eta egitasmoan parte hartzera animatzen zaituztegu”.
Euskaldun berriekin elkartuko diren euskaldun zaharrak ere beharrezkoak direla azpimarratzen du Mujikak.
Ekimenean izena emateko edota informazio gehiagorako Ttakun kultur elkarteko egoitzatik pasa edota kultura@ttakun.eus edo 695 785389 telefonoan harremanetan jarri daiteke.
Behin izena emanda, elkarrizketa labur bat egingo zaie parte hartzaileei euren euskara maila zein den jakiteaz gain, pixkat gehiago ezagutzeko. Horrela taldeak osatzeko garaian, koordinatzaileak afizio antzekoak dituztenak elkarrekin jarriko ditu.
Talde batzuk kafe baten inguruan elkartzen dira beste batzuk ibiltzera joaten dira eta hartara ariketa pixkat egiten dute... Talde bakoitzak erabakiko du asteroko hitzordua non eta nola gauzatu nahi duen. Helburua euskaraz hitz egitea da eta euskaldun berriari aukera eman euskaraz harreman sare berria eraikitzea.
Aurkezpenak
Solaskide programa zer den azaltzeko AEK Muntteri eta Udal euskaltegian aurkezpenak ere egingo dira datozen asteetan.
Ikasturteari hasiera emateko ere prestatuko dute zerbait. Urriaren 30 arte irekia izango da izena emateko aukera.