42 kilometroz korrika Berlinen

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko irailaren 23a

Igande honetan jokatuko den Berlingo Maratoiko irteera-lerroan bi lasarteoriatar egongo dira: Mikel Villarroya eta Aitor Otamendi. Lehenengoak lasterketa amaitzea du xede; bigarrenak, Donostian egindako 02:57ko marka hobetu nahi du. Gaur abiatuko dira bi lasterkariak, berehalakoan ahaztuko ez duten esperientzia bat bizitzera.

New York orain dela bi urte, eta Berlin aurten. Donostiakoa ere bai, behin baino gehiagotan. Aitor Otamendik makina bat maratoi eginak ditu honezkero. Alemaniako hiriburura helburu zehatz batekin doa: lehengo urtean Donostian egin zuen 02:57ko marka hobetzea. “Proba azkarra da, markak hobetzeko aproposa; New Yorkekoa askoz ere aldapatsuagoa zen”, oroitzen du.

Berlingoa izango da lehenengo maratoia Mikel Villarroyarentzat: “Beti eduki dut probatzeko gogoa; lasterketa bukatzea eta gozatzea dira nire xede nagusiak. Jakin dut ez daukala aldaparik; horrek mesede egiten die lasterkariei, nire iritziz”. 

Hiria ezagutzeko aukera

Bi lasterkariak ez dira sekula Berlinen egon orain arte. Aste honetan ezagutuko dute.

Egun berean abiatuko dira bi herritarrak: gaur bertan. Otamendi familiarekin doa, eta Villarroya, berriz, pare bat lankiderekin.

“Lankide batzuen artean komentatu genuen Berlinera joateko aukera, esperientzia oso interesgarria izan zitekeelakoan. Abenduan, jakin genuenean lasterka egiteko hautatuak izan ginela, berehala hartu genituen plazak lankide batek gomendatutako hotelean”, dio Mikelek. Igandean lasterka egin ostean, hurrengo ostiralera arte geratuko da Berlinen.

Aitor familiarekin batera joango da. Kontatu digunez, apartamentu bat alokatu dute. Berak ere asmoa dauka Berlingo egonaldia luzatzeko: datorren asteko larunbatean bueltatuko dira herrira. Ez da aitzakia txarra Alemaniako hiriburua ezagutzeko. Herritarrak zehazten duenez, familiakoen babesa eta animoak sentitzeak asko laguntzen du lasterketak iraun bitartean.

Prestaketa

“Ongi prestatuta” joango da Aitor Berlinera: denera 1.400 kilometro inguru pilatu ditu hanketan. Eta hori, aintzat hartuta abduktore-haustura bat izan zuela urte hasieran. “New York baino bi hilabete lehenago jokatzen da Berlingo maratoia; nahikoa entrenatuta noala uste dut”.

Mikelek aipatu digu goizean goiz eta iluntzean entrenatu ohi duela: “Lanetik atera izan naiz goizeko seietan, eta orduan joan korrika egitera, afalostean beste batzuetan... Bi haur dauzkat, adin txikikoak, eta hori uztartzea ez da batere erraza izaten”. 

Biek hausnarketa bera egin dute: “Beti nahi izaten duzu gehiago entrenatu, baina tira”.

Berlin eta gero, Aitorrek Behobia egingo du, eta Donostiako Maratoira ere bai, agian.

Mikelek ere izena emana dauka Behobian, baina ez daki egingo duen ala ez; Berlindik nola osatzen den ikusi nahi du.

Mikel Ormazabal, joan ezinik

Berez, Lasarte-Oriako hiru lasterkarik eskuratu dute dortsala aurtengo Berlingo Maratoian parte hartzeko. Mikel Ormazabal da hirugarrena, baina kazetari gisa lan egiten duenez, eta igandea hauteskunde autonomikoen eguna izaki, lan egin behar du egun horretan. Beste batean izan beharko du.