Udal euskaltegiak ere hasi du ikasturte berria. Jon Antxordoki Euskara zinegotzia Pili Galan euskaltegiko zuzendariarekin izan da ikasturte hasierako agerraldian. Honetan ere hainbat ikaslek parte hartu dute. Hasierako egunetan landutakoarekin pozik eta ikasturte berriari gogotsu ekiteko prest azaldu dira.
Guztira 117 ikasle dira aurten herriko udal euskaltegian arituko direnak. 12 talde osatu dira eta horien artean 4 talde goizez, 4 arratsaldez eta beste 4 iluntzean arituko dira.
Taldeetan dauden 106 ikasleez gain, 11 lagunek izena eman dute autoikaskuntza ikastaroan. Ikastaro hori, euskaltegira joan gabe gauzatu daiteke Boga metodoaren bidez.
Honek euskaltegiko zuzendariak azaldu zuenez, “herritarren artean interesa piztu du baina emaitza onak lortzeko autodisziplina handia eskatzen du”.
Jon Antxordokik esan du “iazko zenbakien antzekoak dira aurten lortutakoak eta honek esan nahi du, helduen euskalduntzeari bultzada berri bat eman diogula gure herrian. Oso gustura gaude ikasturtea horrela hasi izanagatik”.
Izena emateko aukera
Agerraldian aipatu denez, ikasturtea hasi den arren, interesatua dagoen edonor bertara daiteke eta bakoitzak daukan mailari dagokion taldera erantsi lekua egotekotan.
Hasierako mailako taldeak daude eta EGA prestatzeko mailaren inguruan daudenak dira gehiago. Aukera egotekotan, autoikaskuntza sistemaren bidez ikasteko eskaera ere egin daitekela azpimarratu dute.
Bestalde, arduradunek gogoratu nahi izan dute Udalak indarrean duen beka-sistemarekin %85eko asistentzia betez gero, matrikularen %85 berreskuratu dezakeela ikasleak ikasturtea bukatzerakoan.
Euskararen 9. Maratoia
Jon Antxordoki Euskara zinegotziak esker oneko eta animo hitzak izan ditu ikasleentzat agerraldiaren amaieran. “Zorionak emandako pausuagatik eta ikasitakoa kalean erabiltzera animatzen zaituztet”.
Horrekin batera, aukera baliatu, eta gogoratu zien Euskararen 9. Maratoia izango dela urriaren 22 eta 23an gurean eta euskararen jai erraldoi honetan prestatutako egitarauaz gozatzera animatu ditu. Horrekin batera, 40 eguneko erronkak parte hartzaileak behar dituela ere esan die.