Aldaketaz betetako udara izan da aurtengoa Babyauto Zarautz taldearentzat, entrenatzaile postutik hasita: Fran Puertasek postua utzi, eta Phil Huxford-ek hartu du lema. Jokalarien artean ere eman dira aldaketak. Hortaz, normala den moduan, denbora beharko dute elkar ezagutu eta mekanismoak barneratzeko.
Liga galduz hasi badute ere, dena ez da negatiboa, inondik ere. Uribealdea talde esperientziaduna da, gainditzen zaila, eta sailkapenaren goiko partean egoteko hautagai nagusietako bat. Hortaz, ez zen inondik ere samurra izan norgehiagoka Babyauto-Zarautzentzat, baina hala ere, oso garesti saldu zuten porrota: 17-13, arauzko 80 minutuak jokatuta. Lasarte-Oriak izan zuen ordezkaritzarik neurketa horretan: Ander eta Xabier Rekondo anaiek eta David Vegak hasieratik jokatu zuten, eta bigarren zatian zelairatu zen Julen Aristorena. Bigarren jardunaldian Oviedoren aurka jokatuko dute, Zarauzko Asti zelaian, 17:00etan.
Bestalde, 14 urtez azpiko ZRT Lavie Beltzak taldeak 50-0 irabazi zuen Bera Beraren kontra, Astin. Lagunarteko norgehiagoka izan zen.
Dolu-egunak Beltzak osatzen duten kideentzat
Arestian aipatutako bi norgehiagoketan minutu bateko isilunea gorde zuten, Beltzak-eko kide den Juantxo Prietoren emazte eta Xabi Prieto jokalariaren ama zen Izaskun Arzallusen heriotzarengatik.