Gipuzkoako 1go mailan debuta eta garaipena

Txintxarri Aldizkaria 2016ko irailaren 19a

Intza KEko pilotariek ederki hasi dute Gipuzkoako 1go mailako ibilbidea. Jon Pello Artetxe eta Mikel Elolak osatutako bikotean aurreneko bi puntuak erdietsi zituen, Aurrera Saiaz 2 taldea 22-14 garaituta.

Gipuzkoako 1go mailako ibilbidea ederki hasi dute Intza KEko pilotariek. Ostegun gauean jokatu zuten Jon Pello Artetxe eta Mikel Elolak, Tolosako Beotibar pilotalekuan, Aurrera Saiaz 2 taldearen aurka. 22-14 gailenduta, debuteko partiduan garaipena lortu zuten herritarrek. Etxegarai eta Beloki gazteak izan zituzten aurkari. 

Partidua hasi eta berehala egin zuten ihes markagailuan herritarrek; 17-5 irabaztera iritsi ziren. Ondoren, abantaila ongi kudeatuta, lehenengo bi puntuak zakuratu zituzten.

3. mailako seniorrek Oñatin jokatu zuten ostiralean, Aloña Mendiren aurka; Haritz Urkia eta Aritz Solanok osatutako bikotea 7-22 nagusitu zen. Bikain hasi dira, beraz.

Arteaga II.a ere ederki

Axier Arteaga pilotari gaztea ere kantxaz kantxa dabil azkenaldian. Iragan ostegunean, Imazekin bikote eginez, Arretxe II.a eta Iturriaga hartu zituzten mendean, 13-22.

Ostiralean berriz, Galdakaon jokatu zuen, Lasoren aurka, lau t'erdian. Bolada onari segida eman zion, 22-16 irabazita. 

Eta, aste ezin hobe hori ixteko, Logroñoko jaialdian, Ander Imazekin berriro bikote eginez, Dario eta Martijari irabazi zieten atzo, 6-18.