Erdi Aroko azoka bihurtu zen hiru egunez herria

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ira. 18a, 12:53

Denetarik izan da asteburuan zehar, Lasarte-Orian egin den I. Xakobeo Azokan; jana, edana, artisau produktuak eta kale ikuskizuna, besteak beste. Eguraldiak asko lagundu ez duen arren, ostiral arratsaldetik igande gauera arte, ekintza ugariz gozatzeko aukera atsegina izan da.

Done Jakue bidean oinarritutako Erdi Aroko azoka ikusgarri eta erraldoi batean bihurtu zen, asteburu osoan zehar, Lasarte-Oria. Ostiralean, arratsaldeko 17:00etan ireki zituen ateak, aurrenengoz, I. Xakobeo Azokak. Koloretako apaingarriak kaleetan zintzilik, 90 postu baino gehiagok bete zituzten herriko Kale Nagusia, Elizatze plaza eta Okendo Plaza. Hiru egun horietan zehar, ekintza ugari izan ziren azokan; goizetik gauera bitarte. 

Ostiralean, azokaren irekierarekin batera, kalejirak, tailerrak, 'Cia la que tu me haces' kale ikuskizuna eta Eulali ipuin kontalaria izan ziren azokako txoko ezberdinetan. 

Larunbatean aldiz, goizeko artisauen kalejirak, herria esnatu eta hasiera eman zion bigarren azoka egunari. Postuetako produktuak erosteko aukeraz gain, izan zen zer ikusia. Goizean zehar, haur jolasak, tailerrak, txotxongiloak eta  'Hombre Orquesta', 'Jabardeus', 'Reina de los guerreros de los valles de Kuruma' eta 'Unicornio mágico' kale animatzaileak ibili ziren azokako ibilbidea girotzen. Arratsaldean berriz, musika eta antzerkia izan ziren nagusi. 

Igandean ere, goiz euritsua izan arren, egun osoko egitarau erakargarria izan zen I. Xakobeo Azokako azken egunean. Merkatuaren eta postuen goizeko irekierarekin batera, 'Xaribari' kalejira, tailerrak, ipuin-kontalariak, txotxongiloak eta kale-antzerkia izan ziren nagusi. Arratsaldean aldiz, 'Despertad de la siesta', 'Cial la que tu me haces', Jabardeus' eta 'Hombre Orquesta' kale animazioak alaitu zituen kale nagusia eta Elizatze plaza. Iluntzean, larunbatean eguraldi euritsuagatik bertan behera utzitako  antzerkia, musika eta sua uztartzen zituen emalandi bat eskaini zuten, Elizatze plazan. Gaueko postuen itxierak eta gaueko antzerkiak eman zioten agurra aurtengo I. Xakobeo Azokari.

Askotariko produktuak erosi, dastatu, usaindu eta ikusi ahal izan dira, azokan; xaboiak, bitxiak, gozoak, enbutidoak eta oihalak, besteak beste. Hauekin guztiekin batera, Okendo plaza, jantoki erraldoi baten bihurtu zen. Bertan, olagarroa jateko postua, pizza jateko txokoa eta tea hartzeko karpa izan ziren jendeak bertako produktuak dastatu zitzan. 

Giro atsegina sumatu ahal izan da hiru egunetan zehar herrian egin den Erdi Aroko merkatuan.

Hemen azokan zehar bildutako irudiak eta bideoak.