Ateak ireki berri ditu, Lasarte-Oriako Udalak antolaturiko I. Xakobeo Azokak. Koloretako telak zintzilik, arratsaldeko 17:00etan puntuan, eman zaio hasiera hiru egun iraungo dituen merkatuari. Postuek, eguraldi kaxkarraz babesteko jarritako plastikoak kendu eta agerian geratu dira askotariko artisau lanak; xaboiak, bitxiak, egurrezko sukaldeko tresnak, janariak, belarrak eta beste zenbait produktu. Horiek guztiak ikusi, probatu, jan eta erosi ahal izango dira azokako postuetan zehar.
Eskaintza kultural zabala eta anitza izango da igandera bitartean, azokan. Gaur arratsaldean, esaterako, kale-antzerkia, musika zeltan oinarritutako kale musika emanaldia, haurrentzako jolasak, Eulali ipuin-kontalariak eta Tira ta floja txotxongiloak izan dira, beste hainbat ekintzen artean. Giro atsegin eta jendetsua izan da arratsalde osoan zehar.
Baina iluntzean ere izango da zer ikusiia; 20:30etan, 'El Clan de los guerreros' ikuskizuna izango da eta 22:00etan berriz, musika ikuskizunak emango dio agurra gaurko azoka egunari.
Larunbat eta igandean ere, egun osoko egitarau zabala izango da I. Xakobeo Azokan.