'Landaberri, mende erdi'

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ira. 17a, 12:00

Hitzaldiak, erakusketa, haurrentzako jokoak, kontzertuak, bertsoak, antzerkiak, olinpiadak... Landaberri ikastolaren 50. urteurrenaren ospakizunen barruan, gazte eta ez hain gazteei zuzendutako ekintzak aurki daitezke.

50 urte igaro dira Landaberri ikastolak bere ateak ireki zituenetik. Milaka ikasle izan dira eraikuntza ezberdinetatik igaro direnak eta egun guraso edo irakasle direnak. 

Ibilbide hori ospatu eta lehen pausoak eman zituzten pertsonei eskerrak emateko hainbat ekimen antolatu dituzte Landaberri ikastolako kideek. Asteazkenean aurkeztu zuten egitaraua.

Landaberri 50. urteurreneko lantaldearen izenean Josu Garmendia, Julen Ollokiegi, Miren Zaldua eta Mariaje Furundarenak  eman zuten urteurren berezi honen ospakizunen berri.

Josu Garmendiak eskerrak eman zizkien ikastolako sortzaileei eta batez ere gurasoei egin zuten ahalegin, lan eta apustu pedagogikoarengatik, “gaur egun hori ezinezkoa izango litzateke,” azpimarratu zuen.
Era berean, egitaraua osatzen lagundu duten guztiei ere Landaberri ikastolaren esker ona erakutsi zien. Bereziki aipatu zituzten, urteurreneko abestiko musika eta hitza idatzi duten Aitor Lasa eta Zigor Iriondo, “Eskoziatik jo eta ke lanean egon den Alazne Amadoz” eta logotipoa egin duen Maria Martin “bere ahalegin eta lan aproposa dela eta”.

Lasarte-Oriako Udalari ere eskerrak eman zieten eta “Euskara Zerbitzuan lanean ari den Iñaki Arrutiri, askotan ez da aipatzen baina azpian eta jo eta ke lanean ibiltzen da”. 

Beste izen asko eta aipatu beharko zirela azpimarratu zuen Josuk, “horiei ere eskerrak eman behar zaie”.

Egitaraua

Eskertzen ostean, mende erdi hau ospatzeko irailaren 19tik eta urriaren 1era antolatu dituzten ekintzak azaldu zituzten. 

Aurretik esku egitaraua eskuragarri izango dela jakitera eman zuten, baita ospakizunei buruzko informazio guztia eta eguneratua 'Landaberri 50' facebook orrialdean izango dela ere. 

Egitarauari dagokionez, ikastolan ikasleekin egingo dituzte hainbat ekintza: mural erakusketak, Porrotxen bihurrikeriak eta ikasle ohi izandako kirolarien bisita. 

Baina ikastolatik kanpo ere izango dira herritarrek gozatu ahalko dituzten saioak.

Landaberri ikastolako historia laburbiltzen duen argazki erakusketa ikusi ahalko da Antonio Mercero Aretoan. Argazkiez gain, ikasle eta ikasle ohien eskulanak ere ikusgai izango dira. 

Erakusketak irailaren 19an irekiko ditu ateak arratsaldeko 18:30ean.  Ordutegiari dagokionez, astean zehar arratsaldetan 17:30etik 20:00etara bisitatu ahalko da, larunbatetan izan ezik. Lehengoan goiz eta arratsaldez izango da ikusgai, goizez 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 17:30etik 20:00etara. Bigarrenean berriz, goizez bakarrik egongo dira aretoko ateak irekiak.

Aurretik 17:00etan, ekintza berezia egingo da ikasle eta gurasoekin. Ikastolako eraikinen ibilbidea mapeatuko dute. Egitarauaren eskuorriaren atzealdean dagoen mapa oinarri, ikastola egondako eraikin ezberdinak markatuko dituzte eta ibilalditxo bat egingo da trikitilari eta ikasleekin. Ibilbidean zehar abestiak kantatuko dituzte. 

Ikasle ohiek ere haien tartetxoa izango dute irailaren 21ean, 19:00etan Abend Kafe-Antzokian egingo den ekitaldian. Pecha Kutxa metodoa erabiliaz, hainbat ikasle ohiren bizitza eta ibilbide profesionala ezagutuko dute hurbiltzen direnek.

Ostegunean, irailaren 22an, berriz, hitzaldia izango da Villa Mirentxun 18:00etan. Kike Amunarrizek ‘Lasarte-Oriako gurasoak: Biba zuek!’ solasaldia eskainiko du.

Bertsoak eta haurren eguna

Ostiralean, berriz, 'Bertso berriak Landaberrin ibilitakoek jarriak' bertso-saioa izango da, 22:00etan. Landaberriko ikasle ohiek  banaka, binaka edo taldeka Manuel Lekuona Kultur etxeko oholtzara igo eta haien esperientzia azalduko dute bertso jarrien bitartez. Bertsoekin tartekatua musika eta antzerkiak izango dira.

Bestalde, irailaren 24an, larunbata ibilaldi berezi bat egingo da Usurbil eta Lasarte-Orian zehar ikastolako eraikinak gogoratuz eta Okendo plazan haurrentzako ekintzak izango dira egun osoan zehar. Goizean, haur jolasak, puzgarriak eta Xumelarekin Kantu Jira berezia, arratsaldean berriz, magia ikuskizuna eskainiko du Eriz magoak.

Gauean, 22:00etatik aurrera, gazte eta ez hain gazteek rock kontzertuaz gozatuko dute.

Igandean, Euskal Olinpiadek hartuko dute Michelingo Kirol gunea. Ikasle, ikasle ohi eta gurasoen taldeek haien abileziak neurtuko dituzte. 

Honekin lotuta, aurkezpenean azaldu zutenez, “olinpiadak irakurri eta zerbait oso konpetitiboa izango dela dirudi, baina ongi pasatzeko goiza izango da”. 

Ostean, Michelinetik Okendora pintxo potea egingo da txarangaren laguntzaz.

Ipuinak eta antzerkia 

Ospakizunen bigarren asteari hasiera emateko, irailaren 26an, 18:00etan, Villa Mirentxun, ipuin kontalari saio berezia izango da. 

Kontu Kantoiko Bea Egizabal eta Cesar Marcosek ipuin bat eskaini eta ostean, guraso eta ikasle taldeek haiek prestatutako ipuinak kontatuko dituzte. Atzerriko jatorria duten taldeek haien hizkuntzan eskainiko dituzte ipuinak.

Asteazkenean eta ostiralean, berriz antzerkiaz gozatu ahalko da Manuel Lekuona kultur etxean. Bi saioak ikasle  ohiek osatutako lanak dira, batzuk era profesionalean eta besteak, amateurrean.

Honela, irailaren 28an etxeko txiki eta gazteei zuzendutako ‘Biolin Magikoa’ antzerkia eskainiko da. Musikaren historia eta musikagile handiak ezagutzeaz gain, 6 eta 12 urte bitarteko gaztetxoek biolinaren zuzeneko musikaz gozatu ahalko dute.

Irailaren 30ean, berriz, ‘Landaberri mende erdi’ antzerkia taularatuko da. Ikasle-ohi talde batek osatu du lan eta ikastolaren historiaren errepaso txikia egiten dute honetan.

Bi antzerki lan hauek doakoak dira, baina antolatzaileek agerraldian ohartarazi zutenez, txartela beharko da hauetaz gozatzeko. Txartelak Manuel Lekuonan bertan izango dira eskuragarri saioak hasi baino ordu bete lehenago.

Bazkaria eta grabaketa

Urriaren 1ean, ospakizunei amaiera emateko, bazkari ederra antolatu dute Michelingo pilotalekuan. 

Bazkarian ikasle, urte hauetan guztien  irakasle, guraso edo ikastola aurrera ateratzen lagundu zuten herritarrak batu nahi dituzte. Izan ere, ostean oroitzapen-ekitaldi berezia prestatu da. 

Honetan parte hartzeko txartelak jarriko dira salgai aurki Landaberriko eraikin ezberdinetan.

Baina aurretik, urteurren bereziaren abestiaren dantza grabatuko da Landaberri BHIn. 

Hau prestatzeko Miren Zalduak azaldu modura, “facebookera bideo tutorial bat igoko da eta koreografia ikasi ahalko dute grabaketan parte hartu nahi dutenek”.

Ostean, bertatik kalejira aterako da eta Udal Musika Eskolako trikitilariek herriko kaleak alaituko dituzte.

Azkenik, Landaberri 50. urteurreneko lantaldeak Landaberri ikastolako ikasle, irakasle eta guraso izandako herritarrei, zein gaur egungoei ekintzetan parte hartzera gonbidatu zituzten.