Xumela korua lanean hasiko da

Txintxarri Aldizkaria 2016ko irailaren 17a

Xumela koruko kideak astelehenean arratsaldeko 19:30ean hasiko dira lanean.

Koruak iaz 10. urteurrena ospatu zuen eta hainbat ekintza burutu zituen urteurren berezi hori ospatzeko: hitzaldiak, liburu aurkezpenak, antzerkiak... Hainbat bidai ere egin zituzten, hala nola Anoetara edo Baztanera Zarauzko Montetxio eta Hondarribiko Olagarro koruekin batera. Galiziako Solfa abesbatzaren bisita ere izan zuen taldeak.

Aurten  ere hainbat hitzordu garrantzitsu ditu Josu Txapertegi 'Txapas'-ek zuzendutako taldeak. 

Hilabete honetan, irailaren 24an, Landaberri ikastolako 50. urteurreneko ospakizunetan parte hartuko dute eta Euskararen 9. Maratoian ere izango dira noski.

Euskaraz gozatu

Lan eta lan ibiliko dira, baina besoak zabalik dituzte kide berriei harrera egiteko. 

Izan ere, euskal doinuak ikasi eta giro ederrean euskaraz aisiaz gozatu nahi duten herritarrek aukera ederra baitute Xumela koruan. 

Koruko kideek azpimarratu dutenez, kantuan jakitea edo maila ona izatea ez da beharrezkoa honen parte izateko. “Ondo pasatzeko gogoa besterik ez dute izan behar”.

Horregatik, herritarrak gonbidatzen dituzte Landaberri BHI-n astelehenero 19:30etatik aurrera egiten dituzten entseguetara.