Bi hilabete dira Oria beheak ur zikinak Loiolako araztegira garraiatzen dituenetik. Ostiral eguerdian egindako ekitaldi instituzionalean, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak –Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurugiroko Ministeritzaren menpekoa– Añarbeko mankomunitateari obra entregatu zion.
Lasarte-Oria eta Zubieta artean eraiki duten punpaketa estazioan elkartu ziren. Obraren atal ezinbesteko horrek kolektorean garraiatutako ura bulkatzen du.
Añarbeko Uren Mankomunitateko zuzendari Maije Zelaiak, Kantauriko Konferazio Hidrografiko zuzendari Ramon Alvarezek eta EAEn Espainiako Gobernuko ordezkari Carlos Urquijok sinatu zuten akordioa.
Onuradun diren Lasarte-Oriako, Donostiako eta Usurbilgo Udaletako eta Zubietako Herri Batzarreko ordezariek ere parte hartu zuten ekitaldian.
Konpromisoa
Zelaiak azpimarratu du Oria beheko saneamenduari begira “urrats nabarmena” eman dutela. Halaber, hemendik aurrera, bide horretan “profesionaltasunez” arituko diren konpromisoa hartu du.
Alvarez, bere aldetik, 1994an Añarbeko mankomunitateko urak biziberritzeko plana aurkeztu zuten ekitaldiaz gogoratu zen. Ostiralekoarekin adostutakoa bete dute azkenik, nahiz eta, diotenez, “obra publikoek segida” izan behar duten. Bestalde, Alvarezen ustez, 20 urtetan “instituzioen arteko elkarlanari esker” posible izan da lanak amaitzea.
Ingeniariek hartu zuten hitza ondoren, eta kolektorearen eta punpaketa estazioaren lanak azaldu zituzten. “Azken helburua ingurugiro hidrografikoa biziberritzea” dela nabarmendu zuten. Mankomunitate osoko lanek 313 milioi euro inguruko kostua izan dute, “bere garrantziaren adierazgarri”.
Amaitzeko, Añarbeko eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoko ordezkariek batera sakatu zuten ponpaketa estazioa martxan jartzen duen botoia.