Bizipenen poesia

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 30a

Bere lehen poema liburua aurkeztu zuen Ludi Cuesta herritarrak atzo arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxean.

"Solo una voz" poesia liburua idatzi du Ludi Cuesta herritarrak eta atzo aurkeztu zuen. Xabier Goitia Manuel Lekuona kultur etxeko kudeatzailea, Maite Iglesias Kultura batzorde burua eta Urkiri Salaberria Literatur tailerreko arduraduna izan zituen lagun aurkezpenean.

Urkiri Salaberriak Mari Carmen Perez Literatur tailerreko arduradun ohia ekarri zuen gogora Ludiren lanari buru hitz egitean. Tailerreko lagunen hitzak ere ekarri zituen hitzaldi aretora.

Urkirik "sentipen sakonena, hitz gutxirekin adierazten da" aipatu zuen eta Ludiren idazkera zuzena eta intimoa dela azpimarratu zuen, "horregatik guztiengan iritsi daiteke".

Ametsa betea

Ludik liburua guztiena zela adierazi zuen, "nire inguruan dagoena kontatu baitut". Izan ere, bere bizitzako pasarte ezberdinetan oinarritutako poesiak irakurri daitezke, hala nola, amona bisitatzera joaten zenean edo bainuetxe batean sentitutakoa.

Beretzat egun berezia zela azpimarratu zuen, "azkenean nik nuen ametsa bete baita, liburu bat idaztea". Eta bere ustetan, poesia "izan ezin duzuna bilatzea" dela aipatu zuen.

Azkenik, liburua eta poesia irakurtzera gonbidatu zituzten guztiak.