Debuta eta garaipena

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 22a

Lesioak tarteko, apirilera arte itxaron behar izan du Iraia Iparragirrek, Realeko emakumezkoen taldearekin debuta egiteko. Ez da izan nolanahikoa: 90 minutuak jokatu zituen herritarrak pasa den astean, eskuineko hegaleko atzelari gisara, eta, gainera, garaipena erdietsi zuen taldeak, 1-2.

Majo egin behar izan zuten lan Igor San Miguelek zuzendutako jokalariek, Oviedo Moderno taldearen zelaitik hiru puntuak Zubietara ekartzeko bueltan. Titay Calvok sartu zuen 0-1ekoa. Etxekoek hamar minuturen faltan berdindu zuten, eta Nahikari Garciak sartu zuen 1-2koa, partidaren hondarrean. Laugarren postuan jarraitzen du Realak, 48 punturekin. 

Asteburu honetan Granadilla Sur Tenerife taldearekin neurtuko dituzte indarrak txuri-urdinek, Zubietako Z7 zelaian, 11:30ean.