Hormak biziberritzeaz arduratu ziren artistak omendu ditu asteburu honetan Lasarte-Oriako Udalak. Jorge Gordillo Martinezek irabazi du lehen saria, “Corazón” izeneko artelanarengatik. Hipodromo etorbidean kokatuta dagoen margolanak lasterketako zaldia irudikatzen du. Esaldi batekin borobildu zuen Gordillok horma: “Eman lehenik zure bihotza eta zaldiak gaindituko du oztopoa”. Bigarren Pablo Astrain izan da, hirugarren Ane Arsuaga, laugarren Aleksei Lacalle eta bosgarren Artitadeto artista elkartea. Alkate Jesus Maria Zaballosek nabarmendu du maila handiko lanak aurkeztu dituztela 2016an, eta 22tik bost aukeratzea ez dela erraza izan. Bestalde, aurtengo eta iazko hormak 2017ko Udal egutegian azalduko direla iragarri dute. Ekimenak herrian izan duen harrera positiboa azpimarratu dute ordezkari eta teknikariek. Egoera kaxkarrean dauden herriko guneak berreskuratzea da Guztion Lasarte-Oria lehiaketaren helburu nagusia. Artista hauei esker, bost horma koloretsu gehiago edukiko ditugu.