Emakumezkoen ahotsak protagonista

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 25a

Musika topaketekin jarraituz, Aqua Lauda abesbatzak emanaldia eskaini zuen Brigitarren komentuan ostiral arratsaldean. Herritarrek gogoz hartu zuten saioa. Izan ere, lasarteoriatar ugari hurbildu zen Brigitarren komentura. Horietako batzuk atzealdetik ikusi behar izan zuten, eserleku librerik ez baitzen geratu.

19:30ean hasi zuten saioa eta bertaratutakoek errepertorio zabal batekin gozatzeko parada izan zuten. Gehienbat emakumez osatutako koruak garai ezberdinetako piezak interpretatu zituen; biei, musika sakroari eta profanoari, lekua eginez.

Besteak beste, Kalistoren Kodexeko ereserkiak abestu zituzten, Pablo Neruda poesiagile txiletarraren “Tu risa” lanaren moldaketarekin amaituz.

Hiru solistek hartu zuten parte: Montse Latorre herritarrak –sopranoa–, Mario Hernandezek eta Pili Anuncibayek –altuak eta mezzoak–.

Herrikideen txalo zaparrada hunkigarria jaso zuen Latorrek bakarkako zatiak abestean.

Javier Busto hondarribitarrak zuzentzen du Aqua Lauda. Esperientzia handikoa da; 1971tik gidatu ditu koruak mundu osoan zehar.

Antzerkia

Datorren larunbatean, hilaren 30ean, “Letter, eskutitz baten bidaia” izeneko antzerkiaz gozatzeko aukera izango da.

Gutunak dira antzezlanaren ardatz. Izan ere, egileek diotenez, “gure ahotik atera ezin diren hitzak esateko balio dute eskutitzek”. 

Adin guztietako ikusleek gozatu ahal izango dute ikuskizunaz.