Promozioko eskuz banakako txapelketako finalerdietarako sailkatu da Arteaga II.a. Pasa den ostiralean jokatu zituen final laurdenak, Merino I errioxarraren kontra, Bergaran. Gogotik egin behar izan zuen lan herritarrak garaipena zakuratzeko -hamaseina joan ziren markagailuan-. Azkenean, 18-22 gailendu zen pilotari lasarteoriatar gaztea.
Hemendik bi astera jokatuko ditu finalerdiak, beste errioxar baten kontra: Gorka Estebanen aurka, hain justu. Promozioko binakakoa Tolosarekin batera irabaztetik dator Gorka. Arteagarentzat ez da izango erronka erraza, baina ezta ezinezkoa ere. Ez da kasualitatez sartu txapelketako lau pilotari onenen artean.
Herriarteko txapelketako zozketa, gaur
Gaur jakingo du Lasarte-Oriak zein izango den bere lehenengo arerioa aurtengo Gipuzkoako Herriarteko txapelketan. Hiru modalitatetan jokatuko da: eskuz, palan eta zesta-puntan. Lehenengoan hartuko du parte Lasarte-Oriak, beste 24 herrirekin batera.
Arratsaldeko zazpietan aurkeztuko dute txapelketa, Donostiako Kirol Etxean (Anoeta pasealekua, 5). Aurkezpenaren ostean egingo dituzte zozketak aipatu hiru modalitateetan. Maiatzaren 7-8ko asteburuan hasiko da lehiaketa.