Datorren urtean 3. Nazionalean lehiatuko dira berriro Josean Jimenezek zuzendutako jokalariak. Aurtengoa sasoi irregularra izan da haientzat, baina hala ere bi jardunaldiren faltan lortu dute helburu nagusia: kategoria mantentzea.
Lagun Onak FS taldeari irabaztearekin nahikoa zuten, eta hala egin zuten urdin-beltzek. Bigarren minuturako aurretik ziren markagailuan, Dani Vidaurretaren gol bati esker. Handik gutxira areagotu zuen aldea etxeko taldeak; Ander Petxarromanek sartu zuen 2-0ekoa. Emaitza horrekin joan ziren atsedenaldira bi taldeak.
Bigarren zatiaren hasieran, Arkaitz Merinok lasaitasunaren gola sartu zuen. Lagun Onakek ez zuen nahi amore eman eta 3-1 jarri zen markagailuan, baina Ostadarrek ez zion garaipenari ihes egiten utzi, gol bat gehiago eskuratuz, Merinoren bitartez.
ISU, geldiezin
Jardunaldiz jardunaldi garaipenak pilatzen jarraitzen du Gipuzkoako 1go mailan ari den taldeak. Joan den ostiralean Iurre Taberna hartu zuen mendean, 2-9. Sailkapenean hirugarren izaten jarraitzen dute Eneko Molinaren jokalariek, baina puntu bakarrera dute bigarren sailkatua, Hirukide Eskolapioak -51 puntu ditu azken honek, eta 50 ISUk-.
Igoera playoff-etara begira, garrantzitsua litzateke ISUrentzat bigarren postuan gelditzea, aurreneko bi sailkatuek kantxa-abantaila baitaukate finalerdietan -1goak 4.aren kontra jokatuko du, eta 2.ak 3.aren kontra-. Horretarako, orain arteko talde erregularrena den Pescados Ferreres -lehenengo doaz, 57 punturekin- hartu beharko du mendean herriko taldeak, ostiral honetan, Udal Kiroldegian, 20:55etik aurrera. Irabazita ere, Eneko Molinarenek beharko lukete Hirukidek ez irabaztea bere norgehiagoka; The Nest Zerbezeria taldearen kontra ariko dira, etxetik kanpo.
Lidertza galdu du Cecilia Kebab Lasartek
Denboraldiko momentu erabakigarrienaren atarian galdu du lidertza Gipuzkoako 2. mailan ari den Cecilia Kebab Lasarte Ostadarrek, Idiazabal Gorrotxategiren aurka 4-2 galduta. Liga bukatzeko jardunaldi bakarra falta da, eta gori-gori dago sailkapena. Hiru puntuko aldearen bueltan daude lehenengo lau taldeak: 42 ditu Gamon Akerrek, 41 Power Rangers FCk, 40 Cecilia Kebab Lasarte Ostadarrek eta 39 Laskorain KEk. Bosgarren postuan Makax CD dago, 38rekin.
Larunbat honetan berebiziko neurketa jokatuko dute Edu Menaren jokalariek, Alustiza Autobusak taldearen kontra. Irabaztea beharrezkoa dute, igoera kanporaketetatik at geratu nahi ez badute. Pasa den jardunaldian lider izateari utzi badiote ere, denboraldi bikaina egiten ari dira urdin-beltzak; ez da ahaztu behar aurten ari direla estreinakoz kategoria honetan.
Egindako lana puntuekin berresten
Behin eta berriro errepikatu dugu jubenil mailan ari den Lasarte Kafe Bar Ostadarren xede nagusia harrobiko jokalariak formatzea dela. Aurten hasi dira jokatzen taldekide asko, eta Imanol Azkue zein Mikel Escribano entrenatzaileek ahaleginak bideratu dituzte euren jokalariei areto-futbolaren teknika eta nondik-norakoak erakustera. Emaitzak lortzea ez da izan lehentasuna.
Hori horrela izanik, abuztuan ereindako hazien fruituak espero baino lehenago ari dira ernetzen: 24 puntu poltsikoratu ditu jadanik taldeak, partidu askotan itxura benetan ona emanez. Bigarren itzuli oso ona egin du taldeak, hilabeteotan guztiotan egindako lana puntuekin berresten. Pasa den astean lortu zuten 24.a, Laskorainen kontra launa berdinduta. Duela pare bat aste 0-3 garaitu zuten Mondrate CD.
Playoffetako finalerdiak, zehaztuta
Txindoki, Izkiña, TSST eta El Punto. Lau talde horiek jokatuko dituzte herriko areto-futbol txapelketako finalerdiak, maiatzaren 8an eta 15ean. Pasa den larunbatean lortu zituzten txartelak aipatutako taldeek. Txindokik bina berdindu zuen Indauxen kontra (2-1 gailendu ziren joanekoan); Izkiñak 3-1 garaitu zuen Ilargi (joanekoan 3-2); El Puntok 5-4 irabazi zion Kattagorri Insaustiri (joanekoan bina berdindu zuten); eta TSSTk penaltietan irabazi zuen Trumoiren aurka, 0-1 galdu arren (joanekoan 3-2 irabazi zuen TSSTk).