Top16an maila paregabea eman eta multzoko bigarren gisa sailkatu eta gero, Euroligako final laurdenak jokatzen ari da talde gasteiztarra, Panathinaikos talde greziar ahaltsuaren kontra. Atzokoa kanporaketako bigarren norgehiagoka izan zen –asteazkenean jokatu zuten lehenengoa; Baskoniak irabazi zuen, 84-68–.
Bete-betean asmatu zuten atzo Ostadarrekoek, sekulako partiduaz gozatu baitzuten: emozioa, saskiratze harrigarriak...eta Baskoniaren garaipena. Majo sufrituta, baina berriro ere mendean hartu zuten Panathinaikos, luzapenean, 82-78. Gasteiztarrak 2-0 aurreratu dira seriean; partidu bat gehiago irabaztearekin nahikoa dute lauko final handira sailkatzeko. Grezian bi jokatuko dituzte orain; bat ere irabaziko ez balute, berriro ere Buesa Arenara bueltatuko da kanporaketa; bosgarren eta azken neurketa jokatuko lukete bi taldeek.
Ez dira egunero ikusten maila horretako partiduak, ostiralean autobusa lepo bete zuten saskibaloi zaleek erakutsi zutenez. 20 euroren truke eskuratu zituzten sarrera bana eta garraioa, joan eta itzulikoa. Aurtengoan behin baino gehiagotan joan dira Ostadar SKTko jokalari zein entrenatzaileak Buesa Arenara. Aste Santuko oporraldian, denboraldian zehar pilatutako 'zigorren eltxetxuan' pilatutako dirua baliatuz, top16ko neurketa batez gozatu zuten Partizipazioko junior neskek: Laboral Kutxa Bartzelonaren aurka. Irabazi egin zuten gasteiztarrek orduko horretan ere, 75-71.