Baserriko mundua ezagutzen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko api. 17a, 12:00

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo bihurriak Lasarte-Orian izan ziren larunbatean. 'Amalur' bere lan berriaren bi saioa eskaini zituzten Irakurle Txokoari laguntzeko. Herriko txiki eta ez hain txikiek ederki gozatu zuten.

Baserriaren munduan murgildu ziren larunbatean 'Amalur' ikuskizuna ikusi zuten lagunak.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen abentura berriak baserritarren bizitza eta zer eginak azaltzen ditu. Izan ere, Marimototsek baserritar izan nahi baitu. Horretarako haurdun dagoen Ilargi baserritarrari laguntzera doa. Pirritx, Porrotx, Pupu eta Lore bisitan doaz eta milaka gauza ikasten dituzte Ilargi eta Marimototsen eskutik.

Jalgune

Pirritx, Porrotx eta Marimotots ez ziren bakarrik egon oholtzan, lagun berriak aurkezten ditu lanak.

Baina hauetaz gain, pailazoen oso ezagun diren Jalgune elkarteko lagunak ere izan ziren bi saioetan. Elkarteko gazteek erritmoa dutela erakutsi zuten ikuskizuneko hainbat abestietan.

Eta amaieran ere bertan izan ziren 'Pausoka Pausoka' edo 'Eskuetan' abestiak dantzatzen. 

Gainera, bi kideren urtebetetzeak ziren asteburu honetan Joxerra eta Anerena eta zorionak zuri abestu zieten aretoko laguntxo guztiek pailazoekin batera. 

Ostean, 'Maite zaitut' abestia dantzatu zen eta amaieran guztiek argazkia atera zuten elkarrekin.

Irakurle Txokoaren alde

Lasarte-Oriako pailazo bihurriek larunbatean eskainitako bi saioak Irakurle Txokoari laguntzeko antolatu ditu. Izan ere, Irakurle Txokoak bere jarduna aurrera eramateko, diru iturri propioak erabiltzen ditu eta hau eskuratzeko hainbat ekintza burutzen ditu urtean zehar.

Hitzordu asteartean

Eta ekintza berezi honetaz gain, asteartean hilabete honetako hitzordua dute Irakurle Txokoko kideek.

Aste honetan, martxoko saioan landu behar zuten irakurketa aztertuko dute Josu Martinez idazle bilbotarraren 'Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak' liburua. Euskal gatazkari lotuta, azken 50 urteetan gertatu diren hamar ihesaldi eta ihes-ahaleginen kronika kontatzen ditu liburuak.

Danele Sarriugarteren laguntzaz gain, idazlea beraren analisia entzun ahalko dute, Josu Martinez bertan izango baita.

Kronika hauen guztien nondik norakoak asteartean, 18:30ean, Manuel Lekuona kultur etxean aztertuko dituzte Irakurle Txokoko kideek.

Amalur saioko irudiak gure galerian.