Danok Kideren eskutik, Aqua Lauda abesbatza arituko da Brigitarren komentuan ostiral honetako 19:30etan.
Musika Topaketen X. edizioaren barneko ekitaldia da.
Ahots femeninoak
2014an sortutako abesbatza da Aqua Lauda. Ahots femeninoentzat pentsatutako partiturak abestuko dituzte. Izan ere, gehienbat emakumez osatutako taldea da; 19 andrazkok eta gizonezko batek kantatzen dute.
Andrazko koruentzat idatzitako musika zabaltzea da sorrerako helburuetako bat, diotenez. Hiru solista dituzte: Montse Latorre herritarra –sopranoa–, Mario Hernandez eta Pili Anuncibay –altuak eta mezzoa–.
Errepertorio anitza
Mundu osoko musika jorratuko dute; diotenez, "bai sakroa baita profanoa ere". Erdi aroko piezetatik hasita garaikideak diren moldaketetaraino. Esaterako, Kalistoren Kodexeko ereserkiak edota Pablo Neruda poesiagilearen 'Tu risa' poemaren moldaketa abestuko dituzte
Esperientziadun zuzendaria
Javier Bustoren zuzendaritzarenpean arituko dira. Pertsona "egongaitza" da, eta eskarmentu handia du musikan. Hau ez da zuzentzen duen lehenengo abesbatza. Izan ere, 1974az geroztik dabil zuzendari lanetan. Urte askotan Hondarribiko Eskifaia Abesbatza zuzendu du eta, besteak beste, AEBetan, Japonian, Mexikon, Venezuelan eta Europako herrialde askotan eskaini ditu kontzertuak.
Aqua Lauda abesbatza gaztea da, hiru urte beteko baititu aurten. Malagan, Nafarroan, Jakan edota Castro Urdialesen aritu dira orain arte. 2016an, gure herrian izateaz gain Laredon eta Gijonen izango dira.
Lasarte-Orian ez dira arrotzak. Lehengo urteko San Joan bezperako ospakizunetako aurrekari gisa, Brigitarren komentuan abestu zuten. Ostiralean leku berean izango dira. Bertaratutakoek arratsalde atsegina igarotzea espero dute. Diotenez, beraien “helburu bakarra entzuten dituzten pertsonen bihotzera iristea da”.