Egañaren solasaldiak bertso eskolako urteurrenari hasiera emango dio

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 19a

Ostegunetik igandera, Lasarte-Oriako Earra! Bertso eskolak bere 25. urteurrena ospatuko du. Solasaldia, bertso-saioak eta bazkaria antolatu dituzte eskolako kideek.

Ospakizunei hasiera ederra emango diete, ostegunean, Andoni Egañak herritarrekin solasaldia egingo du eta. Bertsoak, erritmoa, doinuak, ideiak... Xirimiri elkartea hurbiltzen direnek bertsoaren munduari buruz dituzten zalantzak argituko ahalko dituzte. Hitzordua 19:30etan da.

Ostiralean, Lasarte-Oriako eta Gabiriko bertso eskolen arteko desafioa jokatuko da.  

Patxi Etxeberria, Unai Muñoa eta Ane Labaka Earra! bertso eskolako kideek Eusebio Igarzabal, Endika Igarzabal eta Aratz Igarzabal izango dituzte aurrez aurre.
'Bertsotruk' lehiaketaren barruko ekintza dugu eta 'etorriko partida' da hau, otsailaren 26an herritarrak Gabirin izan baitziren. 

Jalgi Kafe antzokian, 22:30etik aurrera, gozatu ahalko da erronka honetaz.

Larunbatean, apirilaren 23an, aldiz, bertso eskolako ikasle eta ikasle ohiak Xirimiri elkarteko mahaien bueltan batuko dira. Bertan bazkari gozoa dastatu eta bazkal oste berezia izango dute.

Azkenik, igandean 19:00etan, 'Ez da kasualitatea' bertso-saioa izango da Furia Beltza tabernan. 

Oihana Iguaran, Miren Amuritza, Alaia Martin eta Ane Labaka herritarrak besteak beste, umorea, jolasa, emakumeen konplizitatea, musika eta bertsoak nahasten dituen emanaldia eskainiko dute.

Amaia Agirre izango da gai jartzaile lanetan. Ixak Arruti gitarra joleak eta Eneko Sierra saxofonistak saioa girotuko dute.

Earra! bertso eskolako kideek bertsozale eta herritarrak animatzen dituzte ekintzetara hurbiltzera.

Eskolarteko lehiaketa

Bestalde, Oinak buruan eskolarteko lehiaketan bertso-paper lehiaketako sariak banatu ziren atzo Eibarren izan zen Gipuzkoako Bertso Eskolen Egunean. DBH 2. Ziklo eta Batxilergo mailan Lierni Rekondo herritarrak aipamena eskuratu du.