"Premiazko" hainbat inbertsio egiteko kreditu aldaketa onetsi du udalbatzarrak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 19a

Lasarte-Oriako Udalak 1.834.655,62 euro bideratuko ditu "2016a amaitu aurretik premiazkoak diren hainbat lan" egitera. Ezohiko udalbatzarra egin zuten atzo korporazioko kideek, kreditu aldaketa espedientea eztabaidatzeko. Hamar aldeko bozka (PSE, EAJ eta PP) eta hiru abstentzio (EH Bildu eta LOAD) jaso zituen proposamenak. Jesus Zaballos alkateak espero du "hiru hilabeteren buruan dena martxan" jartzea.

Jesus Zaballos alkateak atzo adierazi zuenez, 2015. urteko likidazioa "oso positiboa" izan da: "Gastuak bost puntu igo dira, %82,14raino, 2014arekin alderatuta; diru-sarrerak, berriz, %79,47tik %92,27ra arte. Diru-sarreren eraginkortasunak 2.816.530,77 euroko soberakinak sortu ditu". 

Ia hiru milioi horietatik 1.834.655,62 euro "premiazkoak" diren hainbat lan burutzera burutuko ditu Udalak. Egitasmo desberdinak biltzen dituen kreditu aldaketa espediente bat prestatu, eta udalbatzarrera eraman zuen atzo goizean Udal Gobernuak, korporazioko kideek eztabaida zezaten. Hamar aldeko bozka (PSE-EE, EAJ eta PP) eta hiru abstentziorekin (EH Bildu eta LOAD), onartua izan zen.

Zaballosek azaldu zuenez, gainontzeko 981.875,15 euroak gorde egingo ditu Udalak, "premia-premiazko egoeraren bat sortuz gero, horri berehala erantzun ahal izateko". Alkateak espero du dena "hiru hilabeteren buruan" jartzea martxan, onartze-prozesua eta tramitazioa amaitzen denean.

Arkitekto tekniko bat kontratatzea, "beharrezkoena"

Lan eta egitasmo ugari jaso ditu Udalak kreditu aldaketa txostenean. Zaballosen aburuz, "premiazkoena" arkitekto tekniko bat urtebeterako kontratatzea da. "Udalean funtzio hori betetzen duen pertsonak hiru hilabete daramatza bajan, eta hainbat proiektu aurrera atera behar dira, estankatu ez daitezen. Horregatik, beharrezkoa da hutsune hori betetzea, lehenbailehen has dadin lanean", zehaztu zuen alkateak atzo. 34.531,80 euro bideratuko dira horretara.

Gizarte Zerbitzuen batzorderako ere burutuko dira pare bat kontratazio: Gizarte-langile batena eta administrari batena. "Herriko familia askok laguntza behar dute, eta eskaera horiei behar bezala aurre egiteko asmoz burutuko ditugu kontratazioak", aipatu zuen Zaballosek. 46.171 euro aurreikusi dira horretarako.

"Inbertsio handiak" Zerbitzu Publikoetan eta Hirigintzan

Bi alor horietan "eskaera ugari" egin dituzte herritarrek, eta hori kontuan hartuz "inbertsio esanguratsuak" egingo ditu Udalak, alkateak atzo nabarmendu zuenez. Esaterako, Uzturre eta San Marcial plazak berrurbanizatzera 375.000 euro bideratuko dira, eta bertako pasadizoak iragazgaiztera 93.510. "Aurreko legealdian onartutako proiektuak ez zituen jasotzen inpermeabilizazio lan horiek, eta oso premiazkoak dira, ura ez dadin jaitsi auzotarren garajeetara", azaldu zuen Zaballosek.

Herriko hainbat egoitzatako leihoak berritzeko lanetara ere bideratuko du dirua Udalak. Denera, 550.000 euro. Horietatik 323.000 Garaikoetxea-Landaberri ikastetxekoetakoak berritzeko izango dira; Biyak Bat adineko pertsonen elkarterako berriz, 177.500; eta 50.000 Andre Joakina Enea haurtzaindegikoetarako.

Oria auzoan hainbat zebra-bide jarriko ditu Udalak. Esaterako, Mitsubishi kontzesionariotik Ruta 33 kafetegira igarotzeko bat. "Auzotarrek askotan egindako eskaerari erantzungo diogu", azpimarratu zuen alkateak. 60.500 euro aurreikusten dira lanak burutzeko. "Ez da soilik marra batzuk margotzea; semaforoak ere jarriko dira, botoi bidezkoak". 

Zabaleta-Berriko garajeetara sartu ahal izateko malda egitea ere sartu da kreditu aldaketen espedientean. 153.704 euro bideratuko dira.

Haurrentzako jolas-parkeetan ere hainbat moldaketa egitea aurreikusten du Udalak. Batetik, gaur egungo jolasak aldatuko ditu, haur ezinduen jarduerara egokituak daudenengatik. 100.000 euro balioko dute lan horiek. Bestetik, parte-hartze prozesu bat jarriko du martxan, herritarrek erabaki dezaten gaur egungo parkeetatik zein estali nahi duten. Ikerketa tekniko bat ere egingo da. 6.000 euro bideratuko dira horretara.

Aipatu bi esparru horiekin -zerbitzu publikoa eta hirigintza- zerikusia duten hainbat lan burutzeaz gain, berregituratu egingo ditu bi batzordeak. "Ikerketa bat egitera 6.000 euro bideratuko ditugu, gaur egungo gabeziak konpontzeko, batzordeen zereginak aztertzeko eta antolaketa eredu eraginkorrago bat abian jartzeko", zehaztu zuen alkateak.

Kirol instalazioetan ere hainbat lan

Michelingo aldageletan inpermeabilizazio lanak egingo ditu Udalak, saihesteko ura filtratzea garajeetara. 40.000 euro aurreikusi ditu horretarako. Era berean, taberna gisa erabiltzeko kabina bat ere erosiko du, 30.000 eurogatik, Michelinen bertan jartzeko. Instalazio horiek erabiltzen dituzten kirol elkarteek ustiatuko dute gune hori, hori eginez "irabaziak eskura ditzaten", Zaballosek atzo esan zuenez.

Bestalde, trinketeko estalkiko lamak guztiz konpontzera 10.000 euro bideratuko ditu.

Eskolarako materiala erosteko diru-laguntza

Kultura batzordeak eskatuta, diru-laguntza iturri berri bat jarriko du martxan Udalak, "zailtasun ekonomikoak pairatzen ari diren familiei laguntzeko". Zehazki, eskolarako materiala erosteko; 10.000 eurokoa izango da laguntza. Badu berezitasun bat, alkateak atzo esan zuenez: "Estutxe, boligrafo, motxila eta antzekoak herriko komertzioetan erosi beharko dituzte; Lasarte-Oriako merkataritza ere laguntzen dugu horrela".

SEAD Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren lagunen elkarteari 5.000 euro emango zaizkio, eta beste 5.000 Oporrak Bakean egitasmoari; zazpi haur saharar etorriko dira herrira udako oporraldia igarotzera.

Bestalde, Udalaren webgunean berritze-lanak egingo dira. 21.000 euro aurreikusi dira, eta alor horretan aditua den enpresa bat kontratatuko da, moldaketak egiteko. "Gardentasunaren alorrean hartu genituen hainbat konpromiso, eta web orrialdea itxuraldatzea funtsezkoa da horiek betetzeko", zehaztu zuen Zaballosek.

2015eko zifrak

Kreditu aldaketa espedienteko datu eta zenbakien berri emateaz gain, alkateak zehaztu zuen 2015. urtean zenbat diru jaso zuen Udalak, eta zenbat gastatu. 25.119.600,04 eurokoak izan ziren diru-sarrerak, eta 23.757.523,82 eurokoak gastuak. Bien arteko aldea da Udalaren altxortegian geratu den soberakina.

"Premiazkoak" diren lanak egitera bideratuko du hainbat diru, arestian esan bezala, baina horrek ez du esan nahi aurrekontuetan ez direnik jasoko beste hainbat egitasmo eta obra: "Argiteria, soterratuei buruzko ikerketa... Beste hainbat lan presente egongo dira aurrekontuetan, baina orain lehenetsi nahi izan ditugu gure iritziz urgenteenak direnak", adierazi zuen alkateak atzo.