Alebinek teknifikazio saioak burutuko dituzte larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 19a

Buruntzaldea IKTko hainbat igerilari alebinek teknifikazio saioak burutuko dituzte larunbat honetan, Bergarako Agorrosin kiroldegian. Uretako bi saiotan ariko dira, eta hitzaldi bat ere jasoko dute.

Unai G. Somovilla, Ainhoa eta Leire Martin, Joane Arzalluz, Lander Sorozabal, Aintzane Sarobe eta Ane Artola izango dira aipatu teknifikazio saioak jasoko dituzten Buruntzaldea IKTko igerilari alebinak. Bergarako Agorrosin kiroldegian dute hitzordua, larunbatean, goizeko bederatzietan. Uretako pare bat saiotan egingo dute igeri, eta hitzaldi bat ere entzungo dute.

Infantilak eta juniorrak "gustura" Anoetan

Pasa den asteburuan infantil eta juniorren txanda izan zen. Eurek ere teknifikazio saioak egin zituzten, Gipuzkoako Federazioak antolatuta, Anoetako Paco Yoldi kiroldegian. Buruntzaldea IKT ordezkatu zuten Janire Berasartek (juniorra), Nahia Jie Villamedianak eta Irati Arzalluzek (infantilak biak). 

Iragan larunbateko saio hori beste hitzordu batera begira burutu zen: maiatzaren 13, 14 eta 15ean Tarbesen (Frantzia) lehiatuko da Gipuzkoako selekzioa. Bertan egongo dira arestian aipatutako hiru igerilariak. Proba desberdinak burutuko dituzte bertan: Irati Arzalluzek 50, 100 eta 200 libreetan egingo du igeri; 400 eta 800 libreetan ariko da Janire Berasarte; eta 50, 100 eta 200 bizkar probak burutuko ditu Nahia Jie Villamedianak.