Allerrun laugarren bide-adarra egingo da

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 22a

Gipuzkoako Foru Aldundiak Allerruko zerbitzugunean bide-adar berria egingo du. Egun N-1 errepidetik zuzenean sartzeko bidea du eta ibilgailu ugarik bide hori erabiltzen dute. Baina arrisku egoera asko sortzen dira. Bi hilabete eta erdi iraungo dute lanek.

Egun Lasarte-Oriako N-I errepideko hegoaldeko lotuneak hiru bide-adar ditu Donostiaruntz edo Iparraldera doazen bi eta goiko pasabidetik hegoalderantz Andoaingo noranzkoan sartzekoa.

Andoaindik datozen ibilgailuetako askok Oria auzoan errepidea utzi eta Allerruko gasolindegia zeharkatzen dute goiko pasabidera igotzeko. 

Aldundiak jakitera eman duenez, jokaera hori legez kanpokoa izateaz gain oso arriskutsua da. “Gasolindegitik pasatzean arrisku egoerak sortzen dira horniketa gunean, eta horrek kexa eta salaketa ugari eragiten ditu” .

Arazoari irtenbidea emateko, zuzeneko bide-adar bat egingo da, N-1 errepidetik Alerruko lotunera iritsiko dena, gasolindegitik igaro gabe.  

Lanek 405.084 euroko aurrekontua izango dute, eta epea bi hilabete eta erdikoa izango da.