Ander Garrido kadetea Euskadiko txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 11

LOKEko judokak tatamietara bueltatu dira asteburuan. Ez da nolanahikoa izan itzulera: Ander Garrido kadeteak Euskadiko txapelketa irabazi du, urrezko domina jantziz, eta Espainiakorako sailkapena lortu. Florin Dreaveanuk brontzea kolkoratu zuen, bosgarren izan zen Jon Herrero eta zazpigarren Yeray Mendibe. Azken biek ez zuten zorterik eduki proban.

Infantilak Gipuzkoako txapelketan lehiatu dira, ongi lehiatu ere: Gipuzkoako txapeldun izan da Martin Sebastian judoka gaztea, eta urrezko domina kolkoratu du. Haren taldekide Lucas Morales izan da txapeldunordea. Txapelketa bikaina burutu dute biek. Ondorioz, Euskadiko txapelketara sailkatzea lortu dute bi infantilek.