Arteaga II.a, nagusitasunez final laurdenetara

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 11

Promozioko eskuz banakako txapelketako final laurdenetara sailkatu da Arteaga II.a, Ander Imaz mendean hartu ostean. Ostiralean jokatu zuten elkarren aurka, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan. Nagusi izan zen pilotari lasarteoriatarra, hasi eta buka: 5-22 irabazi zuen. Hemendik bi astera jokatuko ditu final laurdenak. Ez daki oraindik zein izango den aurkaria eta non jokatuko duen, baina ziurra da gauza bat: erronda horretan egongo da.

Ostiralean jokatzen hasi aurretik galdetu izan baliote, Arteaga II.ak ez luke pentsatuko 5-22 irabaziko zionik Ander Imaz oiartzuarrari, Promozioko eskuz banakako txapelketako final zortzirenetan. Entrenamendu saio gutxi burututa aritu zen herritarra Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan, eskuineko eskuan min hartu baitzuen jokatutako azken norgehiagokan. Arazo horiek tarteko, “beldur apur batekin” zihoan partidura.

Jokatzen hasi bezain laster uxatu zituen mamuak herritarrak. 3-5ekora arte parekatua izan zen norgehiagoka, baina gero ihes egin zuen Arteaga II.ak. Ezker horma behin eta berriro bilatu zuen, Imaz ez zedin airez sartu. Estrategiak eman zituen fruituak: 16-1eko partzialarekin, partidua poltsikoratu zuen, eta final laurdenetarako txartela ere bai. 
“Oso pozik nago garaipenarekin. Gaur egungo baldintzetan zaila da atzelarientzat [postu horretan jokatzen du Imazek] eskuz banakakoa jokatzea, gure arteko norgehiagokan ikusi den bezala”, adierazi du pilotari gazteak.

Albiste guztiak ez dira izan onak, ordea: eskuineko eskua berriro minberatua duela jakinarazi du Arteaga II.ak. Ostiraleko partiduan hartu zuen min. Pare bat aste edukiko ditu orain osatzeko, final laurdenak baino lehen. Zehazteke daude oraindik haren aurkaria eta partidua non jokatuko den, baina ziurra da gauza bat: erronda horretan egongo da Arteaga II.a.

Solano garaile lau t'erdian

Intza KEko seniorrek larunbatean ekin zioten Udaberriko lau t'erdiko txapelketari. Egiari zor, bakar batek jokatu zuen lehenengo jardunaldia: Aritz Solanok. 22-13 hartu zuen mendean Euskal Giroa taldeko Ibargarai, Michelinen.

Jon Pello Artetxe ere aritzekoa zen bertan, baina ez zuen jokatu azkenean, haren aurkari Julen Loitegik (Urnieta) bezperan deitu baitzuen jokatzerik izango ez zuela esanez.