'Football'-a ezagutzen

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko apirilaren 11

Futbol munduaren epizentroan kokatu da aurten Leicester hiria. Sekulakoa egitear da bertako taldea, Leicester City: Ingalaterrako Premier League ospetsua ukitzen ari da hatz-mamiekin. Zazpi puntura dago bigarren sailkatua, jokatzeke hamabost falta direnean. Hiri eta klub horretan egon da Gorka Marcos herritarra: bigarren taldearekin, 21 urtez azpikoarekin entrenatu du, lau egunez. Bestela esanda, 'football' ingelesa ezagutu du. Bertako esperientziaz aritu da Gorka gurekin, luze eta zabal.

Pazko aste ia osoa Leicesterren igaro zuen Gorka Marcosek. Ez zen turismoa egitera joan, ordea: Leicester Cityren bigarren taldearekin aritu zen entrenatzen, lau egunez; martxoaren 28tik apirilaren 1era arte.

“Azkar batean” eman zuen baiezkoa Gorkak, proba egitea proposatu ziotenean. Gaur egun Ostadarren aritzen denez paper batzuk eskatu behar izan zituen klubean. Tramite hori eginda, Leicesterreko ordezkariekin egindako bileran jakin zituen nondik-norakoak: lau egunez entrenatuko zuen herritarrak Leicester Cityren bigarren taldearekin, 21 urtez azpikoarekin.

Martxoaren 27an, igandez, iritsi zen Gorka Leicesterrera. Ez zen bakarrik joan: gurasoak ere bidaiatu zuten. Printzipioz, denek hotel berean hartuko zuten ostatu hurrengo asteko ostiralera arte, baina iritsi eta berehala lehenengo 'sorpresatxoa' eraman zuen jokalari gazteak. Leicester Cityk badu prozedura bat hirikoak ez diren jokalariei ostatu emateko: bikoteak kontratatzen dituzte, jokalariak euren etxeetan hartzeko. Gauzak horrela, astelehenetik ostegunera arte  senar-emazte batzuen etxean egon zen Gorka. Ostiralean, azken egunean, bueltatu zen hotelera. 

“Oso gustura egon nitzen han, primeran zaindu gintuzten. Jaten ematen ziguten, logela bat ere bai... Ni egon nintzen egunetan, zortzi-bederatzi bat jokalari pasa ziren bertatik, egunero etortzen zen berriren bat!”, dio jokalari gazteak. 

Etxean igarotzen zituen orduak atseden hartzeko baliatzen zituen, baina ez zereginik ez zeukalako edo aspertuta zegoelako. Behar zituen deskantsorako tarte horiek. Izan ere, kontatzen duenez, “oso erritmo bizian” entrenatzen zuen Leicester Cityk. 

Goizetan gimnasio-lana egiten zuten. Hamarretan hasten ziren; ordubeteko saioak burutzen zituzten. Futbolean 'arratsaldeko saioetan' jokatzen zuten, bi orduz. Ez da kazetariaren kapritxoa komatxoak erabiltzea. Gorkak berak hobeto azaltzen du zergatia: “Ordubietan irteten ginen zelaira, entrenamendua hasteko. Arratsaldeko saioak deitzen diete horiei, eta harritu egiten nintzen ni, Ostadarren 20:30ean hasten baikara entrenatzen astearteetan!”.

Beroketari “sekulako garrantzia” ematen dio klub ingelesak. “25 bat minutuz aritzen ginen denetariko ariketak egiten”, aipatzen du herritarrak. Ez da harritzekoa hain ongi berotu behar izatea, “intentsitate oso altuko” lan-saioak egiten dituelako 21 urtez azpiko Leicester Cityk.  

“Beste jokalari pare batek burutu zituzten proba-saioak. Crystal Palacen aritzen da bat, eta Aston Villan bestea. Esan zidaten Leicesterren intentsitatea ezin zela alderatu euren klubenekin. Eta hiruetako lehen taldeak kategoria berean [Premier League delakoan, lehen mailan] ari dira! Atera kontuak hortik”, dio Gorkak. “Baloia inoiz ez zegoen geldirik, ez genuen segundo bakar bat ere galtzen ariketek iraun bitartean".

Golaren bila beti: zenbat eta azkarrago, hobe

Leicester Cityren joko-estiloaz galdetuta, “pazientzia askorik gabekoa” eta “zuzena” dela nabarmentzen du herritarrak. “Aurkariaren atea dute buruan beti, golaren bila joaten dira etengabe, baloi luzeen bitartez atzelarien bizkarra bilatuz. Gehiago mugitzen dugu baloia hemen, jokaldiak landuagoak dira“, aipatzen du. 

Lau egun taldekide izan zituenen mailari buruz galdetuta, honela erantzuten du herritarrak: "Bizpahiru jokalari asko gustatu zitzaizkidan; fisikoki denak daude topera, baina atentzioa deitu zidatenek baloia ere zentzu handiz mugitzen zuten alde batetik bestera, kalitate handiko jokalariak dira, lehen taldera iristeko modukoak, nire iritziz". Jokalarien nibela neurtzeko parametroei ez zaie berdin ematen garrantzia Erresuma Batuan eta hemen, Gorkak dioenez. "Hemen, beharbada, gehiago erreparatzen diogu alor teknikoari, kalitateari; han, nolabait esatearren, prozesuari bainoago, emaitzari so egiten diotela esango nuke: golak sartzeari, fisikoki oso ongi egoteari, defentsan gogorra izateari... Hemen ere garrantzia dute aspektu horiek, noski, baina alor teknikoa presenteago daukagula pentsatzen dut". 

Kalitate tekniko handiko jokalaria da Gorka: baloiarekin zenbat eta kontaktu gehiago eduki, hobe. Lehenengo egunean “komeriak“ izan zituen baloia ukitzeko: “Aurrelari eta defentsen arteko lehien aldaratzeen bidez iristen zen baloia nire hanketara. Hurrengo egunetan, taldekideek jada ezagutzen ninduten, bazekiten baloia edukitzekoa naizela, eta gehiago bilatzen ninduten“.

Arestian esan bezala, “leher eginda“ iristen zen herritarra etxera, lan-saioen ostean. Fisikoki “oso ongi prestatuta“ egotea “funtsezkoa“ dela uste du. “Ni ez nengoen haien maila berean, eta azkarrago nekatzen nintzen, aurreneko saioetan bereziki“, aitortzen du. 

Burutu zituenen artean, asteazkeneko saioaz hitz egiten du: partidu bat jokatu zuten taldeko jokalari guztiek, euren artean. Bederatzi, zortziren aurka. 30 minutuko bi zati. Aurrenekoa bat gehiagorekin jokatu zuenak, bat gutxiagorekin aritu zen bigarrenean, eta alderantziz. Gorkaren taldeak galdu zuen. Zain zuten 'saria': “Galtzaileak gu izan ginelako, sprint dezente egin behar izan genituen; erabat akituta joan nintzen aldagelara, lur jota“.

Ingelesarekin ere, komeriak

Gauza askotara egokitu behar izan zuen Gorkak Leicesterren. Horien artean, hizkuntzara. Ingelesez moldatzen da herritarra, baina aitortzen du arazoak izan zituela taldekide eta entrenatzaileen hizketaldiak ulertzeko. “Oso ingeles itxian hitz egiten dute, azkar-azkar eta apenas ahoskatu gabe“.

“Banekien nire maila apala zela, baina hara joan arte ez nintzen erabat ohartu horretaz“, aipatzen du jokalari gazteak. Haiek ere ez zekiten gaztelaniaz, eta, horrelakoetan egin ohi den lez, zeinu bidez komunikatzen ziren askotan. Izaera aldetik “itxiak“ direla zehazten du herritarrak, baina hitz egiten hasiz gero, “atseginak“ direla. 

Entrenatzailearen hitzezko jarraibideak ulertzeko lanak zituenez, adi-adi erreparatzen zien Gorkak ariketak egiteko moduari, "gero zer egin jakin ahal izateko". Espazio murritzetan baloi jabetza mantentzekoak ziren horietako asko. "Aste horretan hiru jokalari berri geundenez taldean, entrenatzaileak aldatu zuen aputxo bat taldearen dinamika, eta baloi jabetza mantentzeko ariketa gehiago sartu zituen".

Saioen egitura pixka bat moldatu arren, Leicester Cityk "berdin-berdin" jarraitu zuen entrenatzen, Gorkak azpimarratzen duenez: "Iritsi eta berehala sartu nintzen taldearen dinamikan, bat gehiago nintzen; ezin zuten gehiegi kanbiatu lan egiteko modua, asteburu horretan ligako partidu garrantzitsua baitzeukaten Liverpoolen kontra". 

Umiltasuna ezaugarri

21 urtez azpiko Leicester City kategoria horretako lehen mailan ari da lehian. Hemeretzi partidu jokatuta, jaitsiera postuetan dago, hemezortzi puntu baino ez baitu bildu. Hala ere, “lasai“ daude, Gorkak antzeman duenez: “Uste dute aterako direla zulotik; ez daude batere urduri“.Bolada txarra daramate: azken hiru jardunaldietan ez dute punturik poltsikoratu. Gaur hil ala biziko partidua jokatuko dute etxean, Norwich Cityren kontra.

Guztiz kontrakoa da lehen taldearen egoera. Inork espero ez zuena ari da gertatzen aurten Premier League txapelketan: Leicester City doa lider, bost jardunaldi falta direnean. Zazpi puntu ateratzen dizkio Tottenham Hotspur-i, bigarren sailkatuari, eta hamahiru Arsenali –besteek baino partidu bat gutxiago dute jokatuta Arsene Wengerrenek–. 

'Azeriak' –ezizen horrekin da ezaguna Leicester– sekulakoa egitear dira, baina klubaren egunerokotasunean ez da igartzen, Gorkak esaten duenez: “Haiekin entrenatu dudan egunetan, ez dut behin ere entzun taldekide, entrenatzaile edo zuzendaririk lehenengo joateari buruz hizketan. Oso klub umila da, ez dira harrotzen edo puzten liga irabaztear duten arren. Lanean segitzen dute, besterik gabe“.

Gorkak aipatzen duen beste gauzetako bat da harrobiko taldeek eta lehenengoak duten gertutasuna. “Instalazioak sekulakoak dira, bederatzi bat zelai edukiko ditu, baina 18 eta 21 urtez azpiko taldeek eta lehenengokoek elkarren ondoan entrenatzen dute. Ez da egoten arazorik, nagusiek jokalariren bat behar badute, une batetik bestera haiengana joateko. Eta, amaitzean, guztiek bazkaltzen dute elkarrekin, kirol instalazioetan bertan. Hori oso-oso ongi daukate antolatuta“. 

Lehenengo taldeko jokalariak oso gertu eduki izanagatik, Gorkak ezin izan zituen 'ospetsuenak' ikusi, euren selekzioekin baitzeuden kontzentratuta. "Pena txiki hori badaukat: Jamie Vardy, Danny Drinkwater, N'Golo Kanté, Riyad Mahrez edota Shinji Okazaki ez zeuden Leicesterren aste horretan", zehazten du.

Esperientzia ahaztezina

“Ederra“ izan da Leicesterreko egonaldia, jokalari gazteak dioenez. “Ezagutu ahal izan dut futbolaren beste alor bat: profesionala. Haietako bat bezela bizi izan naiz egun horietan: entrenamenduak, elikadura, atseden orduak... Ohartu naiz gogorra dela bizimodua“.

Entrenatzeaz gain, Leicester hiria ere ezagutu zuen Gorkak, ostiralean, etxera itzuli aurretik. Hiria ez zen izan bertako egonaldiko gauza gustukoena izan herritarrarentzat: “Nahiko itsusia iruditu zitzaidan, berdinak dira kale ia guztiak; ikusi ahal izan nuenetik, errugbi eta futbol estadioak gustatu zitzaizkidan". Gorkaren gurasoek ia astebete pasa zuten bertan, eta semeak dioenez, lanak izan zituzten "jatetxe on bat" topatzeko. Gorkak, baina, ez ditu izan arazo gehiegi jaterakoan: "Leicesterren kirol instalazioetan bazkaltzen genuen, janaria oso osasuntsua zen, jakina; pasta, arroza, haragia, arraina...".

Senar-emazteen etxean izan zituen komeria gehiago: "Janari goxoa prestatzen zuten, baina espezia dezente botatzen zizkieten jakiei, eta ez zidaten grazia gehiegirik egiten", oroitzen du. Nostalgia apurtxo bat ere sentitu zuen, ogiarekikoa. "Ez daukate ohiturarik ogia jateko han, eta, nik, hemen, bai; kirol instalazioetan bazeuden opil moduko batzuk, baina antzik ez zuten hemengo ogiarekin".

Egonaldia amaitzean, Leicester Cityko ordezkariek herritarrari esan zioten lau egun ez zirela aski bere maila baloratzeko, eta bueltatzea proposatu zioten. “Nik erantzun nien ikasketak lehenesten nituela, eta, bueltatzekotan, unibertsitateko kurtsoak amaitua behar zuela. Ekaina partean itzultzea eskaini zidaten, baina oraindik ez dakit zer egingo dugun, familiarekin-eta hitz egin behar dut, baloratu... Ikusiko dugu“.

Unibertsitateko kurtsoa enpresaritza ikasketak egiten ari da Gorka; bigarren mailan dago ez da amaitu oraindik, eta futbol denboraldia ere ez. Ohorezko Erregional mailan zazpigarren postuan dago Ostadar, sei jardunaldiren faltan. “Gure helburua da denboraldia ahalik eta ongien amaitzea; ahal izanez gero, lehenengo bost sailkatuen artean“.  

Futbolean jokatu, "deskonektatzeko"

Gorkak argi du: 'hobby' bat da futbola berarentzat, lagunekin dibertitu eta eguneroko arazoez deskonektatzeko ekintza bat. Partiduetan dena ematen du beti, eta ahalik eta norgehiagoka gehien nahi ditu irabazi, baina zelaitik kanpo disfrutatzen du gehien, taldekideekin planak egiterakoan. "Oso-oso gustuko dut zerbait hartzeko geratzen garenean edota planak egiten ditugunean elkarrekin; ekintza horiek taldea asko indartzen dutela uste dut".