Jaietako jardueretako diru laguntzak jasotzeko oinarriak zehaztuta

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 12a

San Pedro jaietan jarduerak antolatzeagatik diru laguntzak jasotzeko oinarriak jakitera eman dituzte. Adierazitakoaren arabera, epea apirilaren 22ra bitartean egongo da irekita.

Interesatuek Udaleko diru laguntza eskatzaileen erregistroan izena eman beharko dute lehenik. Lasarte-Orian izan beharko dute egoitza lagunduak izan nahi duten pertsona fisiko zein juridikoek.

Jarduerek erabilera publikoa edota interes soziala eduki beharko dute.

Hala, San Pedro jaietako “jardun eremuetako ekintzekin zuzenean zerikusirik ez duten jarduerak” baztertuak izango dira. Izan ere, beste diru laguntza programa batzuen barnean sartuko lirateke Udalaren ustez.

Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasuna bermatzen ez duten elkarteek ez dute diru laguntzarik jasoko. Horregatik, 4/2005 legean ezarritakoaren arabera, “sexuaren arrazoiz diskriminazioa”, “berdintasunean parte hartzea eragotzi” edota hau dela eta “santzio administratiboa edo penala jaso” duten pertsona fisiko eta juridikoak baztertuko dituzte.

Elkarte guztien artean banatzeko 9.000 euroko aurrekontua ezarri du Udalak. Jakinarazi dutenez, 4.000 euroko laguntza ezingo du inork gainditu.

Irizpideak

Hiru multzotan banatu dituzte baloratuko dituzten irizpideak.

Programaren beraren irizpideek 40 puntu emango dituzte. Horietatik 20 pertsona onuradunen kopuruak zehaztuko ditu. Jardueraren ibilbideak eta errotze mailak 10, eta beste taldeekin koordinatzeak 10.

Aurrekontuari, bestalde, 40 puntu eskainiko zaizkio.

Azkenik, entitatearen ezaugarriak 20 punturekin baloratuko dira. “Jarraikitasuna eta fidagarritasuna” 5ekin eta “laguntaren eta taldeak jarritako baliabideen arteko proportzioari” 15.

Udaletxeko bulegoetan eska daiteke informazio osagarria.