Asteartean Tomas Arrutik, Manolo Elizaldek eta Sandra Barkaiztegik eman zuten Lasarte-Orian apirilaren 30 eta maiatzaren 1ean egingo den kultur topaketaren berrri. Horiekin batera egitaraua osatzen lagundu duten elkarte eta taldeen ordezkaritza bat ere izan zen.
Aurkezpenean azaldu moduan, Torredembarra eta Lasarte-Orian arteko harremana era natural batean hasi zen. “Hasiera batean opor lagunen arteko harremana zena, koadrilen artekoak bihurtu zen eta denboraren poderioz, gaur egun herrien artekoa bilakatu da” .
Urte hauetan zehar izan diren joan- etorriak lagun desberdinen arteko harremana indartu eta bi herrien arteko ezagutza sakondu du. “Ondorioz, desberdintasun ugari ditugun bi herri izanik, daukagun berezitasuna Herria izan nahia dela nabarmendu daiteke” .
Agerraldian bi herrien arteko harremana sakontzeko kultura eta gastronomia ardatz bihurtu dela azpimarratu zuten. “Lehengo urtean Lasarte- Oriatik Torredembarrara egin zen bidaian, zikiro bazkaria eta herri kirolak izan ziren protagonista. Eguna hango eta hemengo taldeek girotuta. Aurten, hango castellers, dantzak eta jakiak hemengoekin elkar banatuko ditugu antolatzen ari garen topaketan” .
Egitaraua
Larunbatean eguerdian, 12:00etan, hasiko da jaialdia. Oaintxe in deu Txarangarek Okendo plaza girotuko du.
12:30ean, Torredembarrako lagunei ongi etorria egingo zaie. Ekitaldian aurreskua dantzatuko da Txalagoren laguntzaz eta jarraian, Sorgin dantza.
13:30ean, babarrun jana herrikoia izango da plazan.
Bazkal ostean, 16:00etan, txapel banaketa izango da. Bertso eskolako kideen kantuak ere entzungo dira.
17:00etan, Okendotik irtengo dira kalejiran. Horentan Ball de diables, Ball de Serralonga, Ball de Bastons, Ball de Pastonets, Colla castellera nois de la torre taldeak, herriko Oaintxe in deu txaranga eta rezibatukada parte hartuko dute.
17:30ean, Isla plazan geldiunea egin eta Torredembarrako taldeek su eta castellers erakustaldia egingo dute. Kalejira Okendon amaitu eta 19:00etan beste erakustaldi bat egingo dute
20:00tan, katalanek agurra egingo dute ekitalditxo batekin.
Herriko talde baten kontzertuaz gozatu ahalko da, 20:30etatik aurrera.
22:00etan, egunari amaiera emango diote Gure Esku Dago ekimeneko kideek eta horregatik, herriko zeruan kriseiluak hegan izango dira.
Igandean, goizeko 10:00etan, Torredembarrako Graiersak eta eskualdeko Dultzaineroen eskutik diana izango da.
12:00etan, berriz, 'Vermut'-a eta kataluniako elikagai tipikoen dastatzea. Torredembarrako musikariek girotuko dute ekintza.
Eskerrak eta gonbita
Hau guztia aurrera eraman ahal izateko, herritar eta talde askoren inplikazioa beharrezkoa izan dela nabarmendu zuten.
Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiete Xirimiri, Buruntz-azpi, Lasartearra eta Udaberri kultur edo gastronomi elkarteei; herriko talde parte hartzaileei, Txalagore, Bertso eskola, Sorgin dantza, Rezibatukada, txistulari taldea, Oaintxe in deu txaranga, Gure esku dago, kontzertuzale musikariei; Landaberri BHI eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeei; Artizar, Avenida, Elurtza, Furia beltza, Galizia, Gure Etxea, Ilargi, Insausti, kebab, Trumoi taberneei eskainitako laguntzarengatik, “baita hau guztia ondo entzuteko soinu lanetan izango dugun Estebani ere. Barkamena norbait ez badugu aipatu”.
Hauetaz guztietaz gain, pertsonalki laguntzeko prest dauden guztiei ere eskerrak eman eta mezu bat helarazi zieten, “jakin ezazue deituko dizuegula beharko zaituztegu eta”.
Era berean, barkamena eskatu zieten parte hartu nahi eta gogoan hartu ez dituzten taldeei. Egitaraua aldetzeko prest agertu ziren talderen batek parte hartzeko nahia agertuz gero. Herritarrei ere laguntzeko gonbita egin zieten.
Azkenik, asteburu horretan balkoietan ikurrina eta estelada jartzera animatu zituzten herritarrak.