Zurrumurruak eta arrazakeria eztabaidagai MultikulturFest-en

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 13a

MultikulturFest jaialdiaren barneko hitzaldia eman zuten atzo SOS Arrazakeriako Agustin Unzurrunzagak eta Tarana Karimek. Bizilagunak eta zurrumurruak izan zituzten hizpide.

Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan aritu ziren SOS Arrazakeriako Agustin Unzurrunzaga eta Tarana Karim.

Unzurrunzagaren ustez, estereotipo negatiboei lotutako zurrumurruak ez dira ezer berria. Hala ere, onartu du orain azkarrago zabaltzen direla.

Xenofobia eta mesfidantza leku guztietan ageri direla azpimarratu zuen. Halaber, "desberdina maite duten pertsonak" ere kultura eta leku guztietan daudela dio Unzurrunzagak.

Horretarako, antizurrumurruen proiektuak mobilizazio sozialerako sareak sortzea eta sendotzea du helburu, "aniztasun kulturalari buruzko estereotipo negatiboen, topikoen eta zurrumurru faltsuen aurka egiteko".

Ipuin kontaketa

Kontukantoi taldearen "Txanoak buruan eta ibili munduan" ipuinarekin gozatu zuten haurrek Manuel Lekuona kultur etxeko kafetegian, nagusiak hitzaldiari adi ziren bitartean.

Bukatzean, arabiar produktuen dastaketa egon zen.