Alebin eta benjaminak, gero eta trebeago

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 15a

Buruntzaldea IKT taldeko igerilari gazteenek euren trebakuntzarekin jarraitzen dute. Benjamin eta alebin kategorietako neska-mutilak Tolosako igerilekuan aritu ziren pasa den asteburuan; KZL/Test delakoaren 4. jardunaldia jokatu zuten lehenengoek, eta ligako 6. jardunaldia bigarrenek. Primerako asteburua izan zen denentzat.

2006 eta 2007an jaiotako benjaminek 25 zein 50 metro tximeleta probak osatu zituzten. Urtebete zaharragoak direnek, berriz, 200 zein 400 libreak eta 100 estiloak. Erreleboetan ere aritu ziren: gazteenek 6x25 bularrekoa osatu zuten, eta 4x50ekoa nagusiek, lau estilo desberdinetan. Alebinek erresistentzia landu zuten batez ere, iraupen luzeko probetan igeri eginez. 800 eta 1.500 libre probak burutu zituzten. Horiez gain, 200 metroko igerialdiak ere egin zituzten, lau estilotan.