Pintxoak Berasategiren aholkuekin hornituz

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 15a

Pintxo Ibilbideko irabazle atera zen Santxo tabernako Asun Apeztetxea Martin Berasategi jatetxean izan da ostiral goizean.

Lehiaketako epailea zen hiru mitxelin izardun sukaldaria, eta Pintxo Ibilbideko parte hartzaileak gonbidatu zituen bere jatetxera. Hala, euren pintxo, bokadilo edota espezialitate gastronomikoak hobetzeko aukera izango dute.

Ostiral goizean Santxo tabernako Asun Apeztetxea izan da Martin Berasategi jatetxean.

Berasategik lehenengo postuarekin saritu zuen Santxoko perretxiko betea eta, bere laguntzaileekin batera, mokaduari beste buelta bat ematen lagundu dio.

Sukaldari buru Xabier Goikoetxeak azaldu duenez “egingarria den errezeta” irakatsi diote, eta aldi berean “tabernan erraz egiteko modukoa dena”. 

Berasategiren ‘Perretxiko beteak Duxelle erara’ egin dituzte. Edozein tabernak egunerokotasunean erabiltzen dituen produktuekin egin daitezke. Gainera, soberan geratutako elikagaiak berrerabili ahal dira. Beraz, zaporetsua izateaz gain, ekonomikoa ere bada. 

Dena den, bai Martin Berasategik baita bere langileek ere nabarmendu dute ez duela zertan ideia osoa hartu eta orain arte egindakoa baztertu. Ostiraleko saioak “ideiak hartzeko” balio dezake, gerora tabernan “norberaren behar edo interesetara” moldatuz.

Goikoetxeak ez du uste “tresna garestirik edota teknika zailik” behar denik pintxoak hobetzeko. “Askotan, xehetasun batzuk aldatu besterik ez da behar”    

Ostalaritzarentzat aukera 

Berasategiren sutegietatik igarotzen lehena izan da Santxo tabernako Asun Apeztetxea. Datorren aste eta hilabeteetan dagoenekoak igaroko dira bertatik.

Uste dute Lasarte-Oriako ostalaritzak etekina atera diezaiokela horrelako ekintza bati. Berasategiren iritziz, eskainitako pintxo, bokadilo edo produktuak kalitate onekoak izateak onurak besterik ez ditu ekartzen.

“Helburua da, beste herri batzuekin alderatuta, Lasarte-Oria ostalaritzan erreferente bilakatzea.” Hala dio Berasategik eta, horretarako, bere laguntza eskaini die herriko ostalari eta tabernariei.